1. Trantsizio ekologikoaren alde
Saltzaile bat euskoz ordaintzen delarik, saltzaileak eusko horiek berriz erabil ditzake Eusko-sareko beste enpresa baten ordaintzeko (enpresa horren egoitza soziala Euskal Herrian izan behar da, nahitaez) edo eurotan truka ditzake… baina % 5eko gastuak pagatuz.
Ondorioz :
- Eusko-sareko profesionalen ( 1400 baino gehiago dira) % 56k hemengo hornitzaile bat (gutienez) hartu dute, beren euskoen erabiltzeko.
- Erran nahi baita hurbileko 500 merkataritza-harreman berri sortu direla…
- … eta beraz distantzia luzeko garraio gutiago eta berotegi efektuko gasen isurketa gutiago. Horrek klima nahasmenduaren kontra kontra borrokatzeko bide bat eskaintzen du.
2. Euskararen alde
Euskara Euskoaren proiektuaren muinean da sortu zenetik. Ez da beharrezkoa euskal hiztuna izaitea Euskokidetzeko, baina Eusko sareko profesional bakoitzak desafio bat bete behar du euskara biziarazteko espazio publikoan.
Gure euskara misio karguduna profesionalengana etorriko da itzulpenak kitorik egitera afitxaketa elebiduna plantan emateko
Emaitzak:
Egun, jadanik 300 denda eta enpresek afitxaketa elebiduna jarri dute, EEP-ren laguntzarekin eta beste 500ek egitea konpromisoa hartu dute, eta horietatik jadanik 280ek itzulpenak jaso dituzte.
Nahi dutenek euskara kurtsoak har ditzazkete ere, Baionako Jakinola hizkuntzen zentroaren laguntzarekin. Formakuntza hau, CPF edo OPCO sistemari esker diruztatzen ahal da.
Ez ahantz erakusleihoetan diren “Hemen, ordaindu Euskoz” pegatinak begiratzea:
- “Euskaraz” logoak esan nahi du denda honetan segurki euskaraz hitz egin dezakezula.
- Eta “Lehen hitza euskaraz” logoa sartzean euskaraz agurtzera gonbidatzen zaitu (egun on, adio, milesker) baina ez gehiago, dendako langile guziek ez baitute euskaraz hitz egiten
3. Laborantza herrikoiaren alde
Eusko-sarean sartzeko, enpresa orok Euskal Monetaren Onespen Batzordeak onartua izan behar du. Batzorde hori kide partikularrez eta profesionalez osatua da.
Laborantzako etxaldeek, onetsiak izateko, laborantza herrikoiaren ildoaren araberakoak izan behar dira; Euskoaren partaide den EHLGk honela definitzen du laborantza herrikoia: «Laborantza herrikoiak lurralde osoan ahal bezain bat laborariri ahalbidetu behar die behar bezala bizitzea, jendearen izariko etxalde batean lan eginez eta elikadura sano eta kalitatezkoa ekoitziz, etorkizuneko baliabide naturalak lanjerean ezarri gabe. Herritarrekin batean, bizirik dagoen eta denek preziatzen duten kanpainako eremua atxikitzeko lanean parte hartu behar du.»
Ondorioz :
- Eusko-sareko kideak laborantza herrikoiko ekoizleengana bideratzen dira merkatuetan, ekoizle saltegietan, etab.
- Eusko-sareko kide diren eta beren bezeroengandik euskoak eskuratzen dituzten jatetxeak sareko ekoizleei erostera akuilatuak dira, beren euskoen erabiltzeko.
4. Finantza alorreko espekulazioaren ttipitzeko
Euroa eraginkorra da lurraldeen arteko salerosketen alorrean, kapitalen eta inbestimenduaren metatzeko… eta finantza alorreko espekulazioaren alde ere bai, eurotan eginak diren munduko salerosketen % 97 tituluen trukaketa espekulatiboei lotuak baitzaizkie, eta ez egiazko ekonomiari.
Euskoa, aldiz, interes-tasarik gabeko moneta da: ez du balio euskoak metatzea, ez dira emendatuko! Beraz, Euskoak egiazko trukaketak sustatzen ditu eta, gainera, egiazko ekonomian eta tokiko ekonomian baizik ez da ibiltzen. Azkenik, euskotan trukatuak diren euro guziak banku etiko batzuen berme-funtsetan ezarriak dira (Nef eta Crédit coopératif bankuetan), ibiltzen diren eusko guzien ordaintzeko, beharko balitz.
Ondorioz :
Gaur egun erabiltzen ari 4 milioi bat euskoko zamarekin :
- 4 milioi euroko zama atera da banku espekulatiboetatik,
- 4 milioi euroko zama hori banku etikoetan ezarria izan da,
- 4 milioi euskoko zama ibiltzen ari da, Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten eraikitzean parte hartu nahi duten kontsumitzaileak, saltzaileak, enpresak, elkarteak eta elkargoak elkarren artean lotuz.
Urrunago joateko eta monetak ekonomian duen eginkizunaren ulertzeko, Institut Veblen erakundeak argitaratu duen ibilbide pedagogiko bikaina segitzen ahal duzu, lau gertalditan: «Monnaies locales complémentaires : un nouvel outil au service des territoires»: hemen da!
5. Tokiko ekonomiaren sustatzeko
Euroak euskotan trukatuz eta gero eusko horiek Eusko-sareko profesionalen ordaintzeko erabiliz, euskoaren erabiltzaile orok, egunean egunekoan, ekonomia berriz hona ekartzeko mugimendu eraginkor bat abiarazten du.
Alabaina, euskoz ordaintzen dugun saltzailea bere euskoen baliatzera entseatuko da eta, beraz, sareko kide diren hemengo hornitzaile batzuengana joanen da. Gero, haren hornitzaileak ere eusko horien erabiltzera entseatuko dira, Eusko-sareko kide diren beste enpresa edo profesional batzuengana joanez, lurraldetik kanpo diren enpresei dei egin ordez. Etab. Horrela, Euskoak hurbileko trukaketa ekonomikoen bertutezko gurpil bat sortzen du, eta horrek Euskal Herriko enpresak indartzen ditu, eta beraz tokiko enplegua ere.
Beste puntu inportante bat: Eusko-sareko kide diren Euskal Herriko udaletxeak eta Euskal Hirigune Elkargoak ere, hau 2018ko uztailean Eusko-sareko kide bilakatu baita —batzorde iraunkorrak aho batez bozkaturik—, Euskoa erabiltzen ahal dute hemengo ekonomiaren garatzeko tresna gisa, Eusko-sareko kide diren eta euskoz pagatuak izateko ados diren enpresak eta elkarteak euskoz ordainduz.
Adibidez, eraikuntza enpresa bati ordaindu merkatu publiko baten osotasuna edo parte bat, edo kirol talde bati eman diru laguntzaren osotasuna edo parte bat euskoz ordaintzen ahal da. Hola, euskoz erabili diru publikoa hemengo ekonomiaren elikatzera joanen da; euroz ordaintzen delarik, aldiz, lurraldetik kanpora joan daiteke, zuzenean.
6. Hautatzen duzun elkarte bat diruz laguntzeko
Eusko-sareko kide bilakatzean, lagundu nahi duzun hemengo elkarte bat hautatzen duzu. Zu bezalako 30 babesle baldin baditu eta Eusko-sareko kide baldin bada, urte oroz euskotan trukatu dituzun euro kantitatearen % 3 eskuratuko du. Adibidez, 30 babesle baldin baditu eta bakoitzak hilabete oroz 100 eusko baliatzen baldin baditu, elkarteak 1080 eusko bilduko ditu. Euskoak —erabili ordez— eurotan trukatzen dituzten enpresek ordaindu % 5eko komisio horrek du emaitza hori finantzatzen.
Ondorioz :
- 2013tik 2023ra, 390 000 eusko baino gehiago banatu zaizkie 70 elkarte baino gehiagori.
- 2018etatik erritmoa zalutu da, eusko numerikoaren garapenari esker.
Gainera, Euskal Monetak elkarte horiek laguntzen ditu, nahi baldin badute, beren kideen mobilizatzeko eta emaitza horren sistema urratsez urrats indartzeko.
7. Hurbileko merkataritzaren defendatzeko
Eusko-sarean sartzeko, enpresa oro Euskal Monetaren Onespen Batzordeak onartua izan behar da. Batzorde hori kide partikularrez eta profesionalez osatua da.
Onespen Batzordeak Euskoaren Araudi Nagusia betetzen du, non «banatzaile handien sareetan diren enpresak kanpo baitira, garatzen duten ereduarengatik; izan ere, eredu horrek enplegua, harreman soziala eta baliabideak suntsitzen ditu.» Alabaina, banatzaile handien sareetan sortzen den enplegu orok, banaz beste, hiru enplegu suntsitzen ditu inguruko merkataritza ttipian.
Beraz, nahiz eta gutarik anitzek erosketak supermerkatuetan (edo Internet bidez), egiten ditugun oraino, euskoak bultzatzen gaitu saltegi ttipietara gero eta gehiago joatera; ez da karioago heldu, erosten ditugun produktuak hautatzen baldin baditugu, pixka bat kozinatzen baldin badugu, produktu soberakin gutiago eta kalitatezko produktu gehiago erosten baldin baditugu, etab.
Onespen Batzordeak arau horri salbuespenak egiten dizkio, banaketa sare handi batzuen kide diren supermerkatu txiki batzuk onetsiz:
- auzo edo herri batzuetan autoa hartu gabe eguneroko erosketak egiteko nahiko komertziorik ez badago
- herrian biztanlegoa mantentzea laguntzen badute, zeren tokiko janari saltegi batek eskola edo posta bulegoa bat, bezain garrantzitsua den errola baitu horretan.