Gero eta Herriko Etxe gehiago Eusko sarean sartzen ari dira azken asteotan, herriko kontseiluetan kidetzearen alde bozkatuz. Hendaia, Uztaritze, Lekorne, Baiona, Bastida, Hazparne, Aiherra, Izura eta Sararen ondotik, berriki Aintzilak, Anauzek, Azkainek, Gabadik eta Gamartek Euskoa sustengatzea erabaki dute, eta baita Ozaze-Zühara ere Euskoan sartzen den Xiberuko lehen Herriko Etxea!
Kidetze horren baitan elkarrenganako engaiamendu sinpleak bilduak dira (informazioa, gertakarietan parte hartzea…), eta tokiko zerbitzu publikoak konpainia moduan dituzten herrientzat -igerilekuak, jantegiak, haurtzaindegiak, mediatekak, … – ordainketak euskoz onartzeko aukera.
Eta oraindanik, herri guztiek ordainketak euskoz egiten ahalko dituzte – hautetsien gastuak, diru-laguntzak, merkatu publikoak… – Baionako hiriak finkaturiko dispositiboari esker. Herriko Etxeak horrela euskoaren zirkulazioan, eta gure lurraldean sortua den aberastasunaren zati handiena Euskal Herrian mantentzean parte hartzen dute.
Euskotan banatua den diru-laguntza bat jasotzen duen elkartea sustengatzen da horrela, baina baita herriko komertzio eta tokiko enpresak ere elkarteak bertan erabiliko baititu euskoak. Gauza bera merkatu publikoentzat: Herri Etxeak ziurtamena badu fakturaren ordainketa osoki edo parte batez euskotan hartuko duen enpresa batek bere euskoak ber erabiltzeko erosketak birtokiratu beharko dituela.