18 940 eusko emanak izan dira 46 euskal herriko elkarteeri, urteko %3 eusko emaitzaren kari Garazin abenduaren 22 an zeremonia baten bidez. Ondotik EuskoPoteo alaitua iragan da Baxe Nafarroko kapitalan. “%3 Eusko” sistemari esker, beren kideek urtean zehar egiten dituzten eusko erosketen %3a eskuratzen dute elkarteek urtean behin.
Emaitza hori errezebitu duten elkarteen barna (ikus zerrenda hemen) atxeman daitezke inguramena sustatzen dutenak, euskara, kirol elkarteak, elkartasun elkarteak…
Bere kideak gehienbat mobilizatzen jakin izan duen elkartea aurten Bizi ! da, hots emaitza handiena lortzen du, 2259 euskorekin (jaz 1884 eusko lorturik).
Emendatze handiena egin duen elkartea Les Amis d’Otsokop da, bere emaitza hirukoiztu baitu pasatuz 372 euskotik 2017an, 1060 euskora 2018an. Emaitza hori lortu dute beren kideak urte osoan zehar erosketak euskotan egiterat bultzatuz !
Bide hori segitu nahi luke US Nafarroa klubak, Garazi-Baigorriko errubi elkarteak, 128 eusko errezebiturik aurten. Bere lehendakariak, Xabi Etcheverry-k, adierazi du administrazio kontseiluak laster gogoetatuko duela nola euskoaren erabilpena garatu elkarteko kideen barna.
Azkenik, %3 eusko emaitza lortu duten elkarte berrietan konda daiteke migranteekin elkartasuna sustatzen duen “Bestearekin” elkartea, 432 eusko ukanik aurten.
2017an emaitza orokorra 13 334 euskokoa izan zen, 43 elkarteen artean banatua. Aurten 18 940ekoa da, 46 elkarteek lortuak. Emaitza hori askoz emendatu da aurten (+%42), eguneroko eusko erabilpena gero ta handiagoa izanki.
Euskoan gaur egun, 3000 kide partikular dira, 820 profesionalek osatu sare bat, 17 herri eta Euskal Hirigunea.
Notatzekoa : emaitza hori enpresek euskoak eurotan aldatzen dituztelarik pagatzen duten %5eko komisioak du diruztatzen. Komisio horrek, enpresak beren erosketak bertokiratzerat pusatzen ditu euskotan paga dezazketen hornitzaileak xekatuz, eta jakin behar da ez dituela Euskoaren gastuak diruztatzen baizik eta Euskal Herriko elkartegintza orokorragoki.
%3 euskoa eskuratzeko, elkarte batek aski du Euskoari kidetzea (30euroz goiti urtea) eta 30 kidek izendatu behar dute beren eusko erosketen %3 emaitzaren errezebitzaile gisa. Manera hortan lortzen duen emaitza emendatu nahi badu, elkarte oro harremanetan sar daiteke eusko taldearekin, hunek egiten ahalko baitu euskoaren presentaketa bat elkartearen biltzar nagusian, dokumentazioa ekarri, kideeri igortzeko meila ereduak proposatu…