Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, gizartearen erdiari baino gehiago etxean konfinatua egoitea kontseilatzen edo behartzen zaio, gaizki prestatuak ginen osasun krisi horren ondorioz. Horrek hausnarketa bultzatzen du. Beraz, konfinamendu horretan zehar, hainbat gauza proposatuko dizkizuegu, tokiko monetek krisiari nola erantzuten ahal dieten pentsatzeko.
Tokiko moneta batek lurralde erresilienteagoa egiteko aukera ematen du. Egunez egun, urtez urte, lurralde ttiki batean soilik dabilen moneta batek erabiltzaileen arteko harreman ekonomiko eta sozial gero eta sendoagoak sortzen ditu : partikularrak, laborariak, saltzaileak, enpresak, tokiko elkargoak… Moneta horri esker zirkuitu itxian trukatzen dugu, elkarrekin konektatzen gira, elkar indartzen gira. Eta, berez doa, euroa ere erabiltzen dugu beste lurraldeekin trukatzeko.
Konkretuki, euroak tokiko monetan aldatzen dituzunean, bi galdera egin behar dira: eskuetan edo nire kontuan dudan tokiko moneta zer bilakatuko da, eta trukean eman ditudan euroak zer bihurtuko dira ?
Tokiko monetarekin, komertsanteak, laborariak, elkarteak, enpresak… ordainduko dituzu, eta gero, haiek bi aukera izango dituzte, tokiko moneta hori euroz berriz aldatu, komisio bat ordainduz, edo tokiko moneta hori sareko beste profesional batzuekin, nahitaez tokikoak, berrerabili. 1.000 profesionaletik gora den eusko sareko %56ek tokiko hornitzaile berri batekin harremana josi dute beren euskoen berrerabiltzeko.
Horrela ditu tokiko moneta batek trukeak birkokatzen, eta horrek ekonomikoki erresilienteagoa den lurralde bat egiten du, eta biztanleak, enpresak, elkarteak eta elkargoak trantsizio ekologiko dinamika batean sortzera bultzatzen ditu, beren aldetik beren erosketa birkokatuz… eta horrela garraioei lotutako berotegi efektuko gasen emisioak ttipitzen dira.
Eta lekuko moneta horretan trukatu zenituen euroak, zer bilakatzen dira? Tokiko monetak kudeatzen dituzten elkarteek, banku etiko batean, gehienetan La Nef edo Crédit coopératif-ean, erreserbatutzen dituzte. Gutariko gehienek bezala, Gizakiarentzat eta Ingurumenarentzat kaltegarriak diren banku batean (ikus hemen Les Amis de la Terre-en azterketa) dugu banku kontua. Adibidez 200 euroko alda egiten dugunean hilabetean tokiko monetan, errexki banku horiei kalte egiteko 200 €-ko ahalmena kentzen diegu, eta 200 €-ko banku etikoa elikatzen dugu.
Horrela, zirkulazioan diren 1,6 milioi Euskoekin, 1,6 milioi euro kendu dizkiegu ohiko bankuei, eta hilabetean 40.000 € inguruko erritmoan segitzen dugu. Euro horiek Crédit coopératif eta La Nef bankuetan gordeak dira, eta horrek banku etiko horiek sendotzen ditu.
Tokiko monetek, beraz, tresna ahaltsuak dira lurraldearen erresilientziarako eta ekonomiaren deskarbonizaziorako. Baina bakarrik funtzionatzen dute erabiltzen baditugu, eta geroz eta gehiago erabili, orduan eta efektu gehiago sortzen dute.
Gaur egun, hilabetean 100 edo 200€ko alda eginez tokiko monetan gestu ttiki bat dela iduri du, baina zaborren sailkapenarekin konparatzen badugu: zuk sailkapena egiteak ez du hondakinen arazoa konpontzen. baina populazioaren %60a garenez horren egitea, izugarrizko eragina du. Gauza bera gertatzen da tokiko monetekin: mehatxatzen gaituzten krisien konponbideetako bat direla ulertu baduzu, erabili behar dituzu. Beste batzuek zure ordez egin dezaten itxoin gabe.