Eskualdeko kontseilu guziek, ikasturte sartzean aurkeztuko dituzten ekonomia suspertzeko planetan, tokiko monetak garatzeko laguntza sartu beharko lukete: horixe da Osons le progrès Think Tank-aren “Les monnaies locales : un levier de relance de nos territoires” txostenean irakur daitekeen ondorio nagusia.
Simon-Pierre Sengayrac, Michel Guémy eta Adrien Lavayssière egileek zera azaltzen dute: “Bizi dugun garaia egokia da tokiko monetak garatzeko. Izan ere, tokiko ekonomia suspertzeko tresna bikaina dira, eragile ekonomikoen arteko zirkulazio hobea eragiten dutelako. […] NOTRe legea ezarri zenetik (2015etik), eskualdeak dira beren lurraldeen garapen ekonomikoaren gidariak. Beraz, ekonomia suspertzeko politika abiarazteko maila eta erakunde egokia dira, beren lurraldeko tokiko moneten ekimenen balioa agerian ezarriz. […] Gaur funtsezkoa da tresna hau baliatzea eskualdeko suspertze ekonomikoaren barnean, gure enpresa ttipiak salbatzeko.” Suspertze horrek berdea izan behar du, Bruno Le Maire Ekonomia ministroak uztailaren 26an adierazi zuen bezala.
Normandian, 67.000 € trukatu ziren RolloN monetan 10 hilabetetan, 2019ko apiriletik 2020ko otsailera, eta 252.000 RolloN-eko diru-sarrera sortu zuten. Txostenaren idazleek galdera hau egiten dute: “Zein beste aktibo ez arriskutsuk sortzen du 3,76 aldiz bere saldoa urtebete eskasean? Suspertzearen zalutasuna, beraz, tokiko monetan salerosketan ibiltzeko joeraren araberakoa izan liteke: zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gehiago segurtatuko dugu enpresa ttipiak krisi honen ondorioetatik bizirik aterako direla.”
Ipar Euskal Herrian, 100.000 €-tik gora eusko aldatzen dira hilabete guziez, eta tokiko ekonomia dinamizatzen dute. Gainera, beste lurraldeei tokiko monetaren garapenean laguntzeko, Euskok formakuntza-erakunde bat sortu du, Tokiko moneten institutua. Erakunde horrek formakuntza proposatzen die proiektu-eramaileei eta tokiko hautetsiei.
Akitania Berria, Europako liderra?
Akitania Berria eskualdea eskualde aitzindaria da tokiko monetei lotutako berrikuntzei dagokienez, eta abantaila handiak ditu Europako eskualde liderra bilakatzeko:
- Bere lurraldean dagoeneko 12 moneta dauzka, haietan Frantziako zaharrena (l’Abeille) eta Europako handiena, Eusko, eskualdeko kontseiluak bere berrikuntza-proiektuetan erregularki laguntzen duena: billetetik digitalera pasatzea, “Bakantzak euskotan” turismo parte-hartzailea eta abar.
- Frantziako formakuntza-erakunde nagusia (Tokiko moneten institutua) hartu eta babesten du.
- Eta Bordeleko Unibertsitateko Chaire Crisalidh-ek burututako ikerketa-proiektu arras inportante bat finantzatzen du, MoLoNA proiektua (Monnaies locales de Nouvelle-Aquitaine). Proiektu akuilatzaile horrek hainbat argitalpen izan ditu zientzia-aldizkarietan.
Abantaila horiek guziak anbizio handiko berrikuntza-politika baten oinarria izan litezke, Akitania Berria eskualde pilotua izan dadin, tokiko monetak eskala handian garatzeko, ekonomia suspertzeko, trantsizio ekologikorako, lurraldeetan gizarte-loturak sortzeko eta erresilientzia indartzeko.