Prentsa agiria – 2021/04/13
Uztaritzeko Herriko Etxea Eusko tokiko monetaren alde engaiatua da aspalditik. Landagoien igerilekua, orduan herriko kudeaketan zelarik, 2017an Euskoak onartzen zituen lehen zerbitzu publikoa izan zen.
Agintaldiaren hasiera honetan, beste zerbitzu publiko batzuek ere onartzen dute Euskoa. Berrikuntza bat bozkatu da 2020an, Elektrikaz lagundutako bizikleta bat erosten duten herritarrek diru laguntza bat eskuratzen ahal dute Herriko Etxetik. Laguntza hau emendatua da Euskoz galdegiten baldin bada. Bestalde, herriko etxeak bere engaiamendua bete du bere komunikazioan Euskoa aipatuz. Hala nola, urtarrilean argitaratu den herriko aldizkarian artikulu oso bat egin da tokiko monetari buruz.
Bainan 2021eko martxotik goiti beste urrats garrantzitsu bat eman da : Auzapeza, auzapez ordeak eta delegatu guziak kidetu dira Euskal Moneta elkarteari eta denek eskuratzen dute heien indemnitatearen parte bat Euskoz !
Uztaritze da Iparraldeko eta hexagono mailako lehen herria nun indemnitateak eskuratzen dituzten hautetsi guziek parte bat tokiko monetaz eskuratzen duten.
Bruno CARRERE, Uztaritzeko auzapeza : “Ipar Euskal Herrian, Europa osoko tokiko moneta indartsuena dugu. Herriko Etxeak engaiatzen ahal dira herritarrekin batera baita enpresa eta elkarte munduarekin, tokiko enpleguaren alde, ingurumena eta Euskararen alde. Egitasmo horren garapenean parte hartzea garrantzitsua iduritzen zaigu.”
Gero eta Herriko Etxe gehiago sartzen dira Euskorat. Berrikitan Milafranga, Donapaleu, Donibane Garazi eta Ziburu kidetu dira. Gaur egun Iparraldeko 28 herri kide dira azpimarratzen du Dante Edme-Sanjurjo Eusko monetaren zuzendariak. Herriko Etxeek gure tokiko moneta baliatzen dute urrats konkretuak egiteko eta Uztaritzek erakusten duen borondateak dinamika baikor bat pizten du. Espero dugu gero herriko etxe gehiagok bultzatuko dituztela heien gastuen parte bat Euskoz ordaintzea, proposatuz hautetsiei, langileei, hornitzaileei edo laguntzen dituzten elkarteei Euskoa onartzea. Izan ere, aukera biziki eraginkorra da diru publikoa lurraldean mantentzeko, tokiko ekonomia laguntzeko. Zeren eta euskoz ordaintzen den euro bat, luzaz egonen da lurraldean berean aberastasunak sortuz toki mailan.
Euskal Moneta eta Uztaritzeko Herriko Etxearen arteko elkarlanak segituko du, zirkuitu laburren alde, tokiko ekonomia laguntzeko, Euskara garatzeko eta Transizio Ekologikoa sustengatzeko.