Euskoren garapen taldea handitzen ari da!

Atsegin handiz errezibitzen dugu Léa. Baiona, Errobi-Aturri eta Bidaxuneko lurraldeetan Euskoren profesionalen sarea garatzeko arduradun berria izanen da.

Léa jatorriz Baionakoa da. Arras gustukoak ditu bidaiatzea, kirola egitea eta itsasoarekin lotua den guzia. Ingurumenaren sentsibilizazioan eta garapen iraunkorrean borondate oneko lanetan ari izan ondoan, bere lurraldearen alde engaiatu nahi du orain!

Eusko sareko profesional gisa, menturaz Léa ezagutzeko parada izanen duzue. Horra haren potreta.

—————

Léa, zure burua aurkez ezazu. Jatorriz Euskal Herrikoa zara?

Léa dut izena, jatorriz Baionakoa naiz eta goi-mailako ikasketak egin nituen Bordelen. Gazte-gaztetik engaiatu nintzen elkarteetan. Lizeoan nintzelarik, lagunekin elkarte bat sortu genuen, eta horrek eman zidan arlo horretan lan egiteko gogoa. Gero, borondateko oneko lanetan ibili nintzen atzerrian, eta, horri esker, esperientzia handia lortu ahal izan nuen ingurumenaren sentsibilizazioarekin eta garapen jasangarriarekin zerikusia duten gaietan. Orduan, ikasketa nahiko orokorrak egitea erabaki nuen nazioarteko enpresa-kudeaketan eta proiektuen kudeaketan, nire gaitasunak atzerriko proiektuen alde baliatu ahal izateko, betiere elkarteen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen arloan. Denborarekin, nire lurraldearen alde –Euskal Herriaren alde– engaiatzeko gogoa izan dut.

Zergatik aurkeztu duzu zure burua Euskoren lanpostu horretara? Euskoren zer baliotan sinesten duzu gehienik? 



Euskoren lanpostu horretara aurkeztu dut nire burua, trantsizio ekologikoaren alde zerbait egiteko gogoa dudalako, eta hori izan delako nire lan esperientzia guzien hari nagusia. Baina, orain, uste dut trantsizioa ez dela bakarrik ingurumen mailakoa izan behar, eta ekonomikoa eta soziala ere izan behar dela. Betidanik gustatu izan zait lurraldeak dinamizatzearen alde lan egitea, baita atzerrian ere, tokian tokiko aterabideak eta arazo globalagoei soluzioak aurkitzeko beharra uztartzeko helburu bikoitza bainuen. Segur naiz denen afera dela jendea ingurumenari sentsibilizatzea, ekonomiaren birkokatzea eta lurraldeen berriz dinamizatzea. Eta, nire ustez, tresna ezin hobea da Eusko eragile anitz proiektu komun baten inguruan elkarretaratzeko, eta proiektu komun horrek ingurumeneko, tokiko eta gizarteko arazoei erantzun ahal izateko. Gainera, sareko lanaren alderdia ere anitz gustatu zait. Eragileak proiektuarekin bat egin dezaten konbentzitzea gustatzen zait, baina baita sare bat sortzera eta denak elkarrekin lan egitera animatzea ere.

Zein dira zure erronka profesional nagusiak? 



Nire erronka nagusia da eragileak Euskora pasatzeko beharraz eta egokitasunaz konbentzitzea. Izan ere, nire eginkizuna da eragileak ingurumenari sentsibilizatzea eta ekintzara pasaraztea. Iraganean halako desafioak altxatu ahal izan ditut, baina Eusko beste zerbait izanen da, profesionalekin lan eginen baitut.

Orain arte ez nuen zuzenean enpresekin lan egiteko aukerarik izan. Hortaz, desafio berria da niretzat. Beste erronka bat nire esku-hartze lurraldea da; izan ere, Baiona ontsa garaturiko eremua da, baina Errobi-Aturri eta Bidaxuneko lurraldeetan bada zer egin. Beraz, erronka handia izanen da niretzat lurralde horien errealitatea ulertzea eta lurralde horietako profesionalak proiektuaren egokitasunaz konbentzitzea eta haiei ekintzara pasatzeko gogoa ematea.

Zer da zure eguneroko bizi filosofia? Zer zaletasun duzu? 



Erran bezala, ingurumen arazoek zinez arranguratzen naute; batez ere, nire denboraren zati handi bat kanpoan pasatzen dudalako. Izugarri gustatzen zait oihana, itsasoa, kirola egiten dut, surfa, igeriketa, body surfa, urpekaritza, eta berrikitan ikastaldi batean itsas bela ezagutu dut ere. Itsasoa arras gustukoa dut, ozeanoak alegeratzen nau. Horregatik, nire bizi filosofia, oro har, nire ibilbidearekin lotua da. Eguneroko bizimoldean ingurumen, ekonomia eta gizarte gaiak uztartzea maite dut. Interakzio soziala behar du, jendeekilako harremana. Atsegin dut musika festibaletan parte hartzea, nire lurraldeko tokiko elkarteetan parte hartzea, sentsibilizazio proiektuetan parte hartzea eta jende berria ezagutzea. Nire bizi filosofia da beti kuriosa izatea. Horrek denbora luzaz eraman nau kultura berriak ezagutzera eta atzerrira joatera. Orain, nire lurraldea ezagutu eta hemen kurios izaten segitu nahi dut: euskara ikasi, mendi ibilaldiak egin, oraindik ezagutzen ez ditudan hiriak eta jendea ezagutu.

 

Milesker eta ongi etorri Léa! 🙂