Urte berri, asmo berri! 2022ko helburu berri anitz zehaztu ditugu! Baina, horiek azaldu aitzin, iazko gertakari garrantzitsuen bilana egin dezagun.
Zer gertatu zitzaion Euskori 2021ean?
- 3 milioi euskoren hozka gainditurik! Zuen mobilizazioari eta eusko numerikoaren garapenari esker, tokiko moneta gero eta gehiago ibiltzen da lurraldean!
Beste errekor bat hautsi genuen iaz: 50.540 eusko eman zitzaizkien “Eusko % 3ko emaitza” baliabidearen 61 elkarte onuradunei.
Azkenik, Eusko Kulturala berripapera berrabiarazi genuen, hilabete guziez euskotan paga daitezkeen Ipar Euskal Herriko kultura hitzorduen berri emateko. - Elkarteak eta langile taldeek profesionalizatzen segitzen dute. Iaz, taldea indartu zuten Justine kudeaketa arduradun eta Léa profesionalen sarearen garapen arduradunak.
Komunikazio taldea handitu da ere: Ambre herritar zerbitzuko lanetik aldizkako komunikazio digitaleko lanpostu batera pasa zen, eta Marie eta Klara herritar zerbitzuko lanean ari izan ziren, lehena grafismoan eta bigarrena gertakarien komunikazioan. Bestalde, 2021eko irailean, elkartea bere egoitzaren jabe bilakatu zen!
. - Europako tokiko monetarik handiena da Eusko. 2021ean, Europar Batasunak konfiantza egin zion Euskal Herriko tokiko monetari, eta Europako Gizarte Funtsaren bidez lagundu zuen.
Gainera, Tokiko Moneten Institutuarekin lankidetzan proposatu formakuntza programari esker, Euskok Frantziako Estatuko tokiko moneta batzuei bidea erakutsi eta tresnak eta esperientzia partekatzen dizkie, haiek ere gero eta gehiago gara daitezen eta haien erabilera orokor dadin!
Milesker egunero euskoa garatzen lagundu eta hura erabiltzeagatik!
Zer ondorio atera daiteke iazko bilanetik, 2022 urteko?
- 2022an, tokiko moneta ibilarazten segi dezagun. Izan ere, lurralde ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten aldeko gure bozak entzunarazteko arras molde eraginkorra da.
. - 2022an, Eusko sareko profesionalak laguntzen segi dezagun. Izan ere, gizarte loturaren ehule eta gure hiri eta herrietako funtsezko eragileak dira. Eta osasun-krisia beti hor denez, garrantzitsua da sareko ekoizle eta saltzaileengana joanez gure engaiamendua eta elkartasuna erakustea.
. - 2022an, gure lurraldearen eta haren dinamiken garrantziaz jabetzen segi dezagun: trantsizio ekologikoaren garrantzia –zirkuitu laburren garapenean eta gizakia eta ingurumena errespetatzen dituzten ekoizpenetan oinarriturik– eta lurraldean euskara biziarazten segitzeko lanaren garrantzia.
2022an, Euskorekin batera, segi dezagun Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten aldeko lanean!
Eta, maiatzaren 21ean, larunbatean, denak Ezpeletara, Eusko Egunera! 🙂
Zer? Ez zara oraino Euskoren kidea?