Eusko Elkarteen Egunaren 2022ko edizioa, urriaren 1ean iraganen da, larunbatean, Biarritzen, Surfrider Foundation-en egoitzan. Tokiko monetaren kide diren edo ez diren elkarteetako arduradunendako gertakaria izanen da, eta elkarteen finantzamenduak izanen ditu aipagai.

Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat da lurraldeko elkarteei laguntzea. Horretarako, Euskoren “% 3ko emaitza” baliabidea sortu zuen Euskal Monetak, baina baita Eusko Elkarteen Eguna ere. Egun horren helburua da elkarteen finantzamendu-iturriak aztertzea, dela finantzamendu publikoak, dela finantzamendu pribatuak, dela elkarteek eman finantzamenduak. Ondorioz, Eusko Elkarteen Egunean parte hartuko elkarteentzat finantzamenduen aniztasunari buruzko gogoeta baten abiapuntua izaten ahalko da gertakaria.

Lehenik, Camille Barreauk (Seeds kabinetea) eta Patxi Bellyk (Mezenasgo agentzia) elkarteei zuzendutako finantzamendu publiko eta pribatuak aurkeztuko dituzte. Gero, Régis Enerizek (Euskal Moneta) “Euskoren “% 3ko emaitza” baliabidearen funtzionamendua azalduko du. Diruaren birbanaketa solidariorako baliabide horri esker, iaz, 50.000 eusko baino gehiago eman ahal izan zitzaizkien hainbat arlotan –ingurumena, hezkuntza, kultura, elkartasuna, euskara, kirola, etab.– lanean ari diren 60 elkarteri.

Aurkezpen horien ondotik, aurtengo “% 3ko emaitza” jasoko duten elkarteei dirua banatzeko zeremonia eginen da; orduan jakinaraziko dira elkarte onuradunak, eta bukaeran 2022ko “% 3ko emaitzaren” zenbateko osoa jakinaraziko da. Elkarte horietako arduradunak beren txekea (sinbolikoa) hartzera jinen dira, eta hitza hartzen ahalko dute beren emaitzaren bilakaerari buruz, horrek ekarri dizkien abantailei buruz, edo tokiko monetak beren elkartearentzat adierazten duenari buruz mintzatzeko.

Talde argazki baten ondotik, pintxo goxoak eskainiko ditu Euskok, eta memento hura elkarteetako arduradunen arteko solasak bideratzeko, haien arteko harremanak indartzeko eta hitz hartzeetan pausatu ez diren galderei erantzuteko parada izanen da.

Egitaraua
– 10:00: Parte hartzaileei ongietorria egiteko Surfrider Foundation eta Euskal Monetako lehendakarien hitza
– 10:15: Finantzamendu-iturri publiko eta pribatuak – Camille Barreau (Seeds kabinetea) eta Patxi Belly (Mezenasgo agentzia)
– 11:15: Euskoren “% 3ko emaitza” – Régis Eneriz (Euskal Moneta)
– 12:00: Txekeen banatzea eta elkarteen lekukotasunak
– 12:30: Ekitaldiaren bururatzea eta zintzur bustitzea

Urririkako formakuntza (izena eman behar da)
05 33 47 54 11 – regis@euskalmoneta.org