Oraidanik joaten ahal zirezte Senpereko arnoa saltzen duen Mahatsa dendara euroak euskotara aldatzeko (txekez edo diru xehez), zuen eusko kondutik billeteen ateratzeko, kidetzeko edo kidetza berritzeko, eusko kondu baten idekitzeko, eta euskoa onartzen duten komertsioen aurkitegia galdegiteko..

Karia hortara, Adrienek gure galderei erantzutea gisakoki onartu du!

Aurkezten ahal ote zenuke zure saltegia? 

Nere sotoa aurkezteko, nahi nizuke abantxu erran bere izenak jadanik dena erran nahi duela: “Mahatsa-Arno saltzaile engaiatua”. “Mahatsa” hautatu dut euskara eta gure kulturari atxikia naizelako, bainan ere “Raisin” hitzaren itzulpena sinbolikoa delako. Sotoan mahats jus hartzitua (hots arnoa!) peztizidarik eta intsetizidarik gabekoa baizik ez da atxematen. Horrek zuzenki dakar “arno saltzaile engaiatua”ren noziora. Oroz gainetik, ni engaiatua naiz arno egile batzuk izan baitira ni baino lehenago. Gogorki lan eginez, usu sasi guzien gainetik, arno sanoenak, bibratzaileak eta emozio erakarleak proposatuz. Artista lana da, “mahatsondoko baratzezainak” ezagutaraztea entseatzen naiz nere arno hautaketaren bidez. Arnoak dimentsio politikoa badu baita ere.
Gure azieta eta basoetan duguna jadanik engaiamendu militante bat da. Proposatzen dituztan botoila batzuk “militanteak” dira, etekinen parte bat emana baita elkarte militante batzuei, indakeria matxisten kontrako elkarteei adibidez. Engaiatua naiz ere bai Euskal Herriko gure mahastien sustapenean, izan Hegoalde ala Iparraldean. Izan ere, BIBA ARDOAK kooperatibako kidea naiz, Donostian kokatua den kooperatiba BIOLOGIKOA, solidarioa eta soziala.
Saltegian hilabete guziz tokiko artisten erakustekak ere izaten dira. Idekitzeaz geroztik, xantza ukan dut 14 artista margolari edo zizelkatzaile errezebitzea, botoilen erdian beren obrak zintzilikatu ahal izan dituzte. Arno botoila batek eskaintzen duen dimentsio artistikoa ere ekartzeko gogoa dut, eta musika-pintura-arnoa loturak proposatu.

Zergatik erabiltzen ote duzu Euskoa? 

Eusko elkarteko kidea naiz badu jadanik zonbait urte. Ezinezkoa zitzaidan nihauren sotoan ez hartzea euskoa! Batez ere ekonomia solidarioagoaren logikan, lurraldean birzentratua eta bankuen zirkuitu klasikotik at, horrek dakarren guziarekin.

– Zergatik aldagunea bilakatzeko hautua egin ote duzu? 

Aldagunearentzat, Tedokafeko nere lagunek beren enpresa saldu zutenez, beldur nintzen nehork ez zuela aldagunearen segida hartuko. Nihundik ere ez zen posible hori galtzea Senpereko herri erdian. Berehala proposatu naiz!

                                                   

Adrienek harrera eginen dizue asteartetik larunbatera 10:00etarik 13:00etara eta 15:00etarik 19:30etara. Banaketak posible dira. Onologia kurtsoak hitzordua harturik. « Floraison » 30 eurotan, « Veraison » 40 eurotan, eta « Vendemia » 60 eurotan.

👉 Info gehiago: https://www.facebook.com/cavemahatsasotoa/