2023 urte hastapen honetan, eskerrak eman nahi dizkizugu orain arte Euskal Herriko tokiko monetaren alde ari izateagatik. Euskoa egunero eskutik eskura ibilaraziz, trantsizio ekologikoa, euskararen bizitasuna, elkarteekiko elkartasuna eta tokiko ekonomia sostengatzen dituzu!
Badu 10 urte eragile anitzek parte hartzen dutela Euskoren garapenean, eta engaiamendu horri esker, hauek dira 2022. urtearen bukaerako zifrak: 3,5 milioi eusko baino gehiago zirkulazioan, euskoaren
4.000 erabiltzaile partikular, Euskoren sarean 1.300 profesional eta 36 Herriko Etxe kide!
Iazko gertakari nagusiak oroitarazi nahi ditugu:
• Elkarteei ematen zaien laguntza handituz doa!
2022an, Euskok 60.000 euro baino gehiago eman zizkien 58 elkarteri, Eusko Elkarteen Egunaren karietara. Hala, iaz banatutako 50.000 eurotik gorako errekor berri honi esker, tokiko monetaren izaera solidarioa arras konkretua da.
Gainera, Eusko Kulturala berripaperak itxura aldatu du, informazio-gutuna izatetik kultura-agenda izatera pasa baita. Agenda hori zuzenean linean kontsulta daiteke, urte osoan Ipar Euskal Herrian euskoz ordaindurik egin daitezkeen kultura-ateraldien berri izateko.
• Elkarteak eta langileek profesionalizatzen segitzen dute. Aurten Martin kontratatu dugu, Angelu, Biarritz eta Bidarten profesionalen sarea garatzeaz arduratzen den langilea.
Eta komunikazio-taldea indartu dugu ere, aldizkako formakuntza segitzen duen Natacha gertakarietarako laguntzailearekin.
• Euskopay ordainketa-aplikazioaren erabilpenak marka guziak hausten ditu! 2022. urtearen bukaeran, Euskoren ordainketa-aplikazioak bi marka hautsi zituen: 1.000 kidek baino gehiagok euskopay ordainketa bat egin zuten gutienez hilabetean (1.030 kidek azaroan, 1.087 kidek abenduan), eta 100.000 eusko aldatu ziren hilabete bakarrean (103.989 abenduan, 850.000 urte osoan). 2023rako, segi gauzak errazten euskopay aplikazioarekin!
• Euskoren ikuspena handitu da lurraldean. Gertakarien itzulerari esker, Euskal Moneta berriz denetan agertu ahal izan zen eta elkarteak jendea kausitu ahal izan zuen, hala nola Quiz Gaua eta Eusko Gaua bezalako gaualdietan, merkatuetan ezarritako informazio-mahaiekin eta Baionako bestetan edo Lurraman.
• Halaber, biziki kontent ginen Smog Films-ek egindako Euskoren aurkezpen-bideo berria argitaratzeaz. Bi lagunen arteko elkarrizketa batetik abiaturik, Euskal Herriko tokiko monetaren nondik norakoak azaltzen ditu bi minutu baino gutiagoz.
Baina, zer gertatuko da 2023an?
• Euskoren 10. urtebetetze besta. Mugimendu militante eta herritar batetik sortu zen Eusko, 2013ko urtarrilean. Gaur egun, Europako tokiko monetarik handiena da, eta 3,5 milioi eusko baino gehiago dabiltza eskutik eskura. Eusko Egunean Euskoren 10. urtebetetzea ospatuko dugu, eta Euskoren biziko mementorik aipagarrienak oroitaraziko ditugu.
• Apirilaren 15ean, Eusko Eguna antolatuko da Ezpeletan! Euskoren besta herrikoi handia berriz antolatuko dugu, jende guziak loriatuko dituen egitarauarekin: tokiko ekoizleen eta sortzaileen merkatua, laborarien bazkaria, hitzaldiak, animazioak, haurrendako aktibitateak eta kontzertuak! Euskoren 10. urteburua ospatzeko edizio berezia ere izanen da aurtengoa!
• Ideia berritzaile berriak agertzea, 2023-2026ko plan estrategiko berri batekin. Urrian, mintegi bat antolatu zen, soldatapeko langileek eta laguntzaileek elkarrekin ondoko urteetan tokiko moneta garatzeko ardatz estrategiko nagusiei buruz gogoetatzeko.
• Langile eta laguntzaile talde bizi bat, tokiko monetaren lurraldeko ibilera egokiaren alde lan egiteko. Indarturik eta bat eginik, gure taldeak profesionalizatzen ari dira eta (biharko) Euskoren kide partikular eta profesionalak laguntzeko prest dira beti.
Elkarrekin, 2023an, gure ahotsa entzunarazten segi dezagun, erosketei zentzua emanez!
Eta apirilaren 15ean, larunbatean, denak Ezpeletara, Eusko Egunerako! 😀