Apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan, Eusko Eguna iraganen da, Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren besta herrikoi handia. Jende guzientzako animazio anitz izanen dira egunez, eta, gauaz, kontzertuak (egitarau osoa).
Eguneko animazioen artean, patronaiaren salan, merkatu estaliaren ondoan, bi mintzaldi antolatuko dira.
10:00 – 11:30: Euskoak 10 urte: zer eragin eta emaitza?
10 urteen muga sinboliko hori aukera ezin hobea da gibelera egin eta urte horien guzien bilana egiteko, gaur egun euskoa Europako tokiko monetarik handiena delarik. Eragin eta emaitza desberdinez hitz egiteko, hiru ekonomialarik aurkeztuko dituzte euskoaren inguruan egin zituzten ikerlanak.
Mathilde Fois-Duclerc doktoretza diploma pasatzen ari da eta aldi baterako irakaskuntza- eta ikerketa-arduraduna da Bordeleko Zientzia Politikoen Institutuan. Bere ikerlanetan oinarrituz, euskoaren ikuspegi soziologikoa aurkeztuko du, 2013an sortu zenetik instituzionalizaziorantz.
Julien Milanesi ekonomiako ikertzailea da eta konferentzia-irakaslea Tolosa Okzitaniako Paul Sabatier Unibertsitatean. Bere ikerketa-ardatza Ipar Euskal Herriko ekosistema alternatiboa da, eta euskoak ekosistema horretan duen lekua azalduko du.
Oriane Lafuente-Sampietro ekonomiako ikertzailea da, metodo kuantitatiboetan, lurralde-garapenean eta politika publikoen ebaluazioan espezializatua. Tokiko monetaren diru-mugimenduen azterketa kuantitatibo zabal batean oinarrituz, euskoaren zirkulazioaren eta bere eragin ekonomikoen azterketa aurkeztuko du.
11:45 – 13:00: Amazon Vs. Hurbileko merkataritza
Les Amis de la Terre elkarteko gainprodukzioaren kontrako kanpainaren arduradun Etienne Coubardek emanen dio hasiera mintzaldi honi. Lineako salmentaren egoeraz eta hurbileko merkataritzan eta saltegi handietan dituen ondorioez hitz eginen du. Gainprodukzioak eta gainkontsumoak gure gizarteetan dituzten eragin zabalagoez mintzatuko da ere.
Gero, Maina Ithurralde eta Émilie Dubois-ek aipatuko dute Xixtroak tokiko etxe ekoizpenen lineako salmentaren esperientzia. Azalduko dituzte Xixtroaken sortzea eta funtzionamendua, eta aurkeztuko dute tokiko kontsumoa emendatzeko teknologia digitala baliatzen duen ekimen hori.
Azkenik, Francis Jaureguiberry soziologo, Paueko Unibertsitateko irakasle eta CNRSeko Gizartea, Ingurumena eta Lurraldea laborategiko ikertzailearekin bururatuko dugu. Etienneren eta Xixtroakeko bi ordezkarien hitz hartzeei erantzunez, gizartearen gehiegikeria algoritmikoari buruzko bere behaketa aurkeztuko du, non gizabanakoa, hurbiletik segiturik, ez baita gehiago arras bere hautuen jabe.