Urriaren 14an, larunbatean, Euskal Moneta elkarteak 69.672 eusko (1 eusko = 1 €) eman zizkien tokiko monetaren erabiltzaileek babestutako 44 elkarteri. Errekor berri horrek urtez urte berresten du tokiko monetaren alde egitea eta hura erabiltzea lurraldearekiko elkartasun-bide oso zehatza dela. 2013az geroztik, “Euskoren %3ko emaitza” baliabideari esker, 315.000 eusko baino gehiago eman ahal izan zaizkie 70 elkarteri. Elkarte horiek hainbat arlotan dihardute: ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura…
[formakuntzaren argazkia]
Larunbat honetan, 30 bat elkartek parte hartu zuten Eusko Elkarteen Egunean, Biarritzeko Surfrider Foundation-en egoitzan. Urteroko hitzordu hau elkarte-mundua garatzen laguntzeko antolatzen da, eta, orduan, mami baliosa eskaintzen zaie tokiko monetaren kide diren ala ez diren elkarteei. Mezenago agentziako Patxi Bellyk aholku baliotsuak eman zituen elkarteek mezenasgoko estrategia bat plantan ezartzeko.
Gero, emaitza horren hartzaileak beren txeke sinbolikoa berreskuratzera jin ziren. Hartzaileen artean, besteak beste, bi elkarte berri baziren: PAF (Pour une Alternative Féministe) eta Alda. Azken horrek sartze ohargarria egin zuen baliabide honetan, 750 eusko inguru bildu baitzituen. Laure Tezier-ek, Aldako kideen arduradunak, honako hau erran zuen:
“Aldaren hasieratik ordaindu zitekeen urtesaria tokiko monetan, baina urte hastapenean baizik ez genuen aipatu Administrazio Kontseiluan %3ko emaitzaren baliabidea. Régis-ekin harremanetan jarri ginen 30 babesleak lortzen laguntzeko, eta berehala lortu genituen! Horretarako, zera egin genuen: gure hiruhileko kazetan artikuluak idatzi, argitalpenak argitaratu sare sozialetan eta Euskal Monetaren informazio-mahai batean ere parte hartu, Gaskoien plazako merkatuan. Guretzat garrantzitsua da tokiko ekimenak babestea, eta bereziki tokiko moneta, haren funtzionamenduaren bidez alternatiba asko elkarri lotzen eta laguntzen baititu. Horregatik erabiltzen ditugu gure euskoak tokiko hornitzaileak pagatzeko gure gertakarietarako, eta duela zenbait hilabete gure langile iraunkorren soldataren zati bat ordaintzeko ere.”
Nola funtzionatzen du %3ko emaitzak? Tokiko monetaren kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, Euskoren % 3ko emaitzaren baliabidean sartzen da. Ondorioz, Euskok (eta ez kideak) elkarteari emaitza bat egiten dio, urtero. Emaitza hau elkartearen babesle guziek euskotan aldatu euroen % 3ren heinekoa da. Emaitza hori ez da trukearen zenbatekotik kentzen, gehigarri gisa ematen da. Beraz, 100 € aldatzen dituen erabiltzaile batek 100 eusko jasotzen ditu, eta, gainera, Euskok 3 euro (euskotan, bistan da!) ematen dizkio erabiltzaileak babesten duen elkarteari. Bi aukera daude emaitza horren kopurua handitzeko: babesle gehiago biltzea eta haiei proposatzea ahal bezainbat eusko erabiltzea! |
Horixe ongi ulertu zuen AEKek, hazkunde handiena izan duen elkarteak: joan den urtean baino 863 eusko gehiago! 2.531 eusko eskuratu ditu aurten. Ihintz Olidenek, AEKen Iparraldeko koordinatzaileak, honela azaldu zuen: “2022ko iraileko sartzean,
Euskoren %3ko azaltzen zuten esku-orriak inprimatu eta banatu genizkien gure klase eta ikastaroetan izena eman zuten ikasleei. 13 Gau Eskola daude Iparraldean. Horri esker jakinarazi ahal izan genuen gu ere tokiko monetaren eragileetarik bat garela eta gu laguntzea posible zela gure babesle bihurtuz. Aurten argibide horiek afixatu ditugu, eta berrikuntza da euskoz ordain daitekeela gure 13 Gau Eskoletan! Tokiko moneta gure lurraldea nabarmentzeko modu bat da gure ustez, hemen bertan bizitzea, baina, batez ere, Iparraldean euskara biziarazten laguntzeko akuilatzaileetarik bat da ere.”
“Elkartasuna da Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat, eta %3ko emaitza da horren adibide. Sistema honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteendako finantzamendu osagarri bat da, eta jendea akuilatzen du euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestean, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da”, zehaztu zuen Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko lehendakariak.
Gaur egun, kasik 4 milioi eusko dabiltza eskutik eskura, 4.000 partikular eta 1.300 profesional artean. Europako tokiko monetarik handienak garatzen segitzen du, eta emaitza-errekor berri horrekin, erakusten du erabili nahi den moneta hautatzea elkartasun-ekintza arras konkretua dela!