Prentsa-oharra – 2024ko irailaren 16a
Euskoak 12 urte beteko ditu 2025 hasieran. 12 urte lurraldea errespetatzen duen tokiko ekonomia baten zerbitzuan, trantsizio ekologikoaren alde eta zirkuitu laburrak bultzatuz. Euskoa tresna eraginkorra da biztanleentzat diru kontuari berriz heltzeko eta gure kontsumoak eguneroko bizitzako ekintza baten bidez galdezkatzeko, hau da gure erosketen ordainketa.
Baina tokiko moneta garatzen eta zabaltzen segitzen du lurraldean. Gure 2023-2027 plan estrategikoak aitzina segitzen du, eta aurten ere ekintza zehatzak abiaraziko dira Euskoaren errotze horren segitzeko eta publiko berriak hunkitzeko. Dagoeneko hasi dugu lan bat eraikuntza edo eskulangintza bezalako aktibitate sektore berrietarantz. Baina gure ahaleginak indartu egingo dira partikular berriak ere ukitzeko. Jende berria konbentzitzea Euskora sar dadin eta tokiko moneta egunerokoan erabil dezan, hori da modurik hoberena gure inpaktua handitzeko ekonomiaren birkokatzeari dagokionez, lotura soziala indartzeari dagokionez, elkarte bizitza laguntzeko… Gure azken azterketek gure eginahalak indartzera eraman gaituzte, eta terrenoan erematen dugun lana berriz pentsatzera bereziki barnekaldean. Izan ere, uste dugu oraindik ez dugula erabat aktibatu euskal mendialdeko sektoreekiko atxikimendu ahalmena, ekonomia mailan, elkarte dinamiketan edo euskararen erabilpenari dagokionez. Horregatik erabaki dugu, Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzari esker, lurralde animazio postu bat sortzea.
Herriko agintaldiaren azken herenean sartzen garelarik, lan berezi bat eginen dugu herri berriak eta zerbitzu publiko berriak sarrarazteko. Gure nahia da Euskoa kolektibitateetan duen lekua indartzea, mediateketan, igerilekuetan, jantokietan, eta zergatik ez garraioetan, alokairuen ordainketan… Euskoaren erabilpena orokortuz, Herriko Etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak ekonomia berriz kokatzeko tresna bat dute, lurralde garapen jasangarri baten zerbitzuko. Beste lan bat, hau barne mailakoa, gure estatutuak eta barne araudia lantzea izanen da, dokumentu horiek eguneratuak izan daitezen. Era berean, giza baliabideei buruzko gogoeta segituko dugu. Orain, langile taldea osoa da eta 12 pertsona lanean ari dira Euskal Monetan. Aipatzekoa da formakuntza mailan, sartze honetan gauzatu den proiektua, euskara kurtsoak plantan ezarri ditugu, lan denboran eta urririk, nahi duten langile guzientzat.
Azkenik, azken hilabeteetan hasi den lan batek aitzinamendu garrantzitsuak ezagutu beharko lituzke, mugaz gaindiko tokiko moneta baten sortzeari buruzko gogoeta serioski aitzinatzen ari baita. Orain, harremanak eta lan bilerak abian dira hegoaldeko egiturekin, bereziki Nafarroan Baztan eskualdean eta Gipuzkoan Oarsoaldean. Gure eginkizuna ekimen horien aholkatzea eta laguntzea da. 2025ean, aitzinamendu esanguratsuak abiatuak izan beharko lirateke tokiko taldeak sortuz, terrenoko ikerketak eginez eta egituraketa juridikoa hasiz eta proiektu gobernantza baten plantan ezarriz. Mugaz gaindiko tokiko moneta bat sortzea da xedea.
Aurkibide berriaren aurkezpena
Sortu zenetik, Euskoak tokiko monetaren erabilera gero eta errazagoa egiteko borondatea du. Halaber, Euskoa onartzen duten profesionalen zerrenda ikusgarriago eta eskuragarriago izatea dugu helburu. Gaur arte, Eusko sareko profesionalak zerrendatzen dituzten eremuetako aurkibideak genituen, paperezko formatuan. Aurkibide horiek existitzen segituko dute, baina azken hilabeteetan tresna informatiko berri bat garatu dugu, Euskoz ordaindu daitezkeen zerbitzuak edo produktuak hobeto ikusteko. Ordenagailuan, tabletan edo telefonoan ikus daiteke tresna berri hau aurkitegia.euskalmoneta.org webgunean ikus daiteke. Funtzio ezberdinak ditu, hala nola geolokalizazioaren bidez Euskoan diren profesionalak bere inguruan ezagutzeko aukera. Profesionalak kategoria desberdinetan banatuak dira eta bilatzaile baten bidez ere bila daitezke. Horrela, funtsezko informazioak eskuratzeko aukera dugu, hala nola aktibitatearen deskribapena, harremanetarako datuak, webgunerako lotura, kokapen zehatza…
Aurtengo hitzordu nagusien aurkezpena
– Eusko Elkarteen Eguna
Gutxienez 30 sustengu dituzten elkarteei, %3 dohaintza emaiteko goiza heldu den urriaren 5ean iraganen da Biarritzen, Surfriderreko lokalean. Oroitarazteko, partikular batek euroak aldatzen dituen aldiro, aldatzen duen kopuruaren %3a sustengatzen duen elkarteari ematen zaio. Horrela, gutxienez 30 sustengatzaile dituzten elkarteek diru iturri berri bat dute. 2013az geroztik, 300 000 eusko baino gehiago banatu ahal izan dira tokiko elkartezei. Aipatua izan den bezala, heldu den urriaren 5ean elkarteetako ordezkariak bilduko ditugu, dagokien dohaina emateko. Goiz hau, urtero, elkarteetako arduradunei formakuntza dohainik proposatzeko aukera da. Rémi Touja, estrategia digitaleko aholkularia, bere esperientzia partekatzera etorriko da donazio kanpainen antolaketancc, eta elementu teorikoak zein praktikoak aurkeztuko ditu
– Mundura
2024ko abenduaren 14a, larunbatarekin, Hendaiako Gaztelu merkatuan, « Mundura » gertakaria antolatzen dugu : bidaiarako gonbita, irekiera eta musikaren bidezko topaketak. Lanetik Egina, musika garaikidean aditua den elkarteak, Euskal Monetarekin batera antolatuko du antzerkiaren eta musikaren bidez mundura zabaltzeko gertakari hori. Euskal Herria, harrera eta trukaketa eremua dein heinean, kultura eta kanpoko eragin ugariz elikatzen da. Beste hainbeste aberastasun dira deskubritzekoak eta partekatzekoak. Aniztasun horrek lurraldea inarrosi eta kultura bultzatzen du, gau horretan programatutako artistek erakusten duten bezala. Ekitaldiaren hasiera doan da sarrera librean, bakarrik kontzertuen sarrera ordainduz izanen da (10 eusko edo euro).
17:00: Elkarte herria eta doako animazioak
19:00: “Hitzen eramailea” antzerki ikusgarria Euskal Babelen eskutik
21:00: Kontzertuak: Zeze, Tamala, Frikun
– Eusko Eguna
Aurten ere, 2025eko apirilaren 12an, larunbatez, Ezpeletan ospatuko da Eusko Eguna, tokiko moneta ospatzen duen besta, familia osoarentzako animazio, kontzertu eta ekimenekin. Eguneko programa bat prestatzen ari gira, beste urteetan bezalakoa, tokiko mozkinen merkatu batekin, hitzaldi batekin, adin guztientzako animazioekin edo urte batetik bestera arrakasta handia lortzen ari den laborarien « brunch » bazkari ospetsuarekin. Aurten berrikuntza batez ere gauean izanen da. Izan ere, gertakari hori lurraldeko urteko pesten agendan sartzeko, kontzertu programazio bat lantzen ari gira, Euskal Herriko talde ezagunekin osatu ahal izateko, tokiko monetaren besta egun hori gauean ere luzatzeko.