Larunbat honetan, urriaren 5ean, Euskal Moneta elkarteak 75.004 eusko (1 eusko = 1 €) eman zizkien tokiko monetaren erabiltzaileek babestutako 55 elkarteri. Errekor berri horrek urtez urte berresten du tokiko monetaren alde egitea eta hura erabiltzea lurraldearekiko elkartasun-bide oso zehatza dela!
Berrogei bat elkartek parte hartu zuten larunbat honetako Eusko Elkarteen Egunean, Surfrider Foundation-ek Biarritzen duen egoitzan. Urteroko hitzordu hau tokiko monetaren kide diren ala ez diren elkarteetan parte hartzen duten pertsona guziei zabalik dago. Helburua da elkarteei laguntzea, beren baliabideak edo ahalmenak garatzeko eduki baliosa eskainiz. Aurten, lineako emaitzen kanpainei buruzko aholkuak eman zitzaizkien, Rémi Touja estrategia digitaleko eta diru-bilketako aholkulariak animatutako bi tailerren bidez.
Gero, emaitza horren hartzaileak beren txeke sinbolikoa berreskuratzera jin ziren. Hartzaileen artean, elkarte berri bat zegoen: Les Carrioles Vertes. Elkarte horrek lan egiten du partikularren eta enpresen aldean hurbileko konpostatze-soluzioak sustatzeko. Nina Sarthou elkarteko sentsibilizazio-ekintzen arduradunak azaldu zuen elkartearen desmartxa 30 babesleak gainditu eta aurten 378 euskoko bere lehen txekea eskuratzeko:
“Euskoren laguntzaile taldearen elkarrizketan parte hartzen dugu, eta horrek aukera ematen digu informazio mahaietan esku hartzeko (Eusko Eguna, Baionako bestak, etab.). Horrela lortu genuen jende berria tokiko monetaren kide egitea, gure elkartea babestuz! Gure elkarteko laguntzaileekin egindako elkarretaratzeei esker ere, ostegun goiz guziez egiten direnak, Euskoren alde dugun engaiamenduaz hitz egin ahal izan genuen. Gure laguntzaile batzuk jada kide ziren eta tokiko moneta erabiltzen zuten, baina Euskoren langile taldeko kide baten esku-hartzeari esker, Les Carrioles Vertes babestearen garrantzia ulertu ahal izan zuten, eta Euskoren % 3ko emaitza eskuratzen lagundu gintuzten. Euskoren kide izateak komunikazio elebiduna egitera bultzatu gaitu, eta oso pozik gaude lehen emaitza honekin!”
Nola funtzionatzen du %3ko emaitzak? Tokiko monetaren kide bakoitzak babestu nahi duen elkarte bat hauta dezake, eta elkarte batek 30 babesle dituelarik, Euskoren % 3ko emaitzaren baliabidean sartzen da. Ondorioz, Euskok elkarteari emaitza bat egiten dio, urtero. Emaitza hau elkartearen babesle guziek euskotan aldatu euroen % 3ren heinekoa da. Emaitza hori ez da trukearen zenbatekotik kentzen, gehigarri gisa ematen da. Beraz, 100 € aldatzen dituen erabiltzaile batek 100 eusko jasotzen ditu, eta, gainera, Euskok 3 euro ematen dizkio erabiltzaileak babesten duen elkarteari. 2013az geroztik, Euskoren %3ko emaitzaren baliabideari esker, 400.000 eusko inguru eman ahal izan zaizkie 70 elkarteri. Elkarte horiek hainbat arlotan dihardute: ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura, etab. |
Aurten, murgiltze-sistemako irakaskuntzari eman emaitzak zenbateko orokorraren heren bat dira, guti gorabehera. Hala, 25.623 eusko eman zaizkie 24 ikastolari, gehi horien Seaska federazioari eta Integrazio Batzordeari –ahalmen urritasuna duten haurren inklusioa sustatzen duen elkartea–.
Hartzaile horien artean dago Hiriburuko Ametza ikastola; 1.784 eusko eskuratu zituen 42 babesleri esker, hots, iaz baino 180 eusko gehiago. Gainera, Julien Rebotier presidentekideak eta Sandra Laurent administrazio kontseiluko kideak, aurten, lan sakona egin dute, euskoen berrerabilpenaren eta hornitzaileen hautuaren inguruan:
“Bazen bulta bat eusko horiek metatzen genituela, zinez horretaz axolatu gabe. Baina, behin arazoari lotu gintzaiolarik, ohartu ginen aterabide anitz zeudela! Webguneak zinez lagundu gaitu, Eskuz Eskuren hornitzaileen gidaliburuari esker. Eta Amaia zuen garapen arduradunak ere, harekin hitzordua finkatu eta ondotik harekin egin segimenduari esker. Horri esker, gure hornitzaileak aldatu ditugu: Collectivité Services papergintzarako, Basque Bondissant garraiorako, Pitigona okindegia haurren askarirako, Aphesteguy garbitzeko produktuetarako, etab. Eta orain, Uztaritzeko igerilekua tokiko monetan ordaintzen dugu. Oraindik badugu zer egin antolatzen ditugun gertakarietarako, bereziki gas botilei, taloei eta gasnari dagokienez. Baina, itxaropentsu gaude, soluzioak existitzen direlako eta hornitzaileak identifikatuak direlako.”
“Elkartasuna da Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat, eta %3ko emaitza da horren adibide. Sistema honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteendako finantzamendu osagarri bat da, eta jendea akuilatzen du euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestean, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da”, zehaztu zuen Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko lehendakariak.
Gaur egun, kasik 4,2 milioi eusko dabiltza eskutik eskura, 4.200 partikular eta 1.400 profesional artean. Europako tokiko monetarik handienak garatzen segitzen du, eta emaitza-errekor berri horrekin, erakusten du erabili nahi den moneta hautatzea elkartasun-ekintza arras konkretua dela!