“Mugaz gaindiko moneta osagarri baterantz” mintegia egin zen otsailaren 8an, Baigorrin. Bertan Hego eta Ipar Euskal Herriko politikari, eragile eta norbanakoak batu ziren proiektu honen orain arteko ibilbidea ezagutu eta hurrengo urratsak finkatzeko. Euskoaren esperientzia arrakastatsua oinarri hartuta, esperientzia hori Hego Euskal Herrian zabaltzea da asmoa.
Guztiek bat egin dute nabarmentzerakoan proiektu honek bidea zabaltzen duela mugaz gaindiko harremanak sakontzeko eta tokiko ekonomia eta merkataritza sustatzeko. Lan bilkura honi esker, bideratutako gogoetak partekatu dira eta aurreikusitako ondoko urratsak aurkeztu dira. Baztanen (Nafarroan) eta Oarsoaldean (Gipuzkoan) lan bat hasi da herritarrekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin. Gizarte eragileen eta mugaz gaindiko erakunde publikoen babes zabala jaso du egitasmoak.
Esperientzia arrakastatsua oinarri
Duela 12 urte abiatu zen Euskoa Ipar Euskal Herriko tokiko moneta gisa eta, esperientzia horri esker, sustatzaile duen Euskal Monetak gogoeta bat plazaratu zuen duela bi urte, mugaz gaindiko tokiko moneta bat sortzeari buruz, Euskal Herri osoan, Hego Euskal Herriko lurraldeak barne hartuz.
Euskal Monetako Nikolas Blain koordinatzaileak nabarmendu du “sortu denetik, Euskoak erakutsi du muga guziak gainditzen ahal zituela. Izan ere, 2018an, bost urteko ibilbidearen ondotik milioi bat eusko ziren zirkulazioan. Gaur egun Euskoa tresna ekonomiko eraginkorra da eta Hego Euskal Herriko eragile eta herritarrek jorratu nahi duten bidea laguntzeko prest gira mugaz gaindiko tokiko moneta bati buruz aitzinatzeko”. Gizartearen Monetaren izenean, Luix Intxauspe Arozamena koordinatzaileak gaineratu du egitasmo hau elkarlanean lantzea ezinbestekoa dela. “Herritarrak, eragile ekonomikoak, sozialak eta administrazio publikoak dugun balio garrantzitsuena elkarreragina da eta monetaren eragina sektore guztietan antzematen da: merkataritzan, elkartegintzan eta kohesio sozialean. Hori adierazten dute EUSKOaren azken urteetako datuek eta jakintza hori guztia baliatu nahi dugu Hego Euskal Herrian ere”.
Proiektu honek mugaz gaindiko lurralde baten erronka zehatzei erantzun nahi die: Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko lotura ekonomikoak eta sozialak sendotzea, tokiko trukeak laguntzea, eta ekonomia erresilienteagoa eta iraunkorragoa sustatzea.