Aurten ere Eusko Eguna berriz antolatuko dugu, Ezpeletako merkatu estalian, apirilaren 12an, larunbatean. Egun hartan, urteroko gure besta herrikoi handiaren karietara, tokiko moneta eta lurraldeko alternatibak ospatuko ditugu. Azken edizioetan bezala, jende guziendako aktibitatez beteriko egitarau aberatsa prestatu dugu. Eta puntu gorena, gauaz, Xiberoots eta Gatibu taldeen kontzertuekin!

Urtero bezala, Eusko Eguna egun bateratzailea izanen da, topaketaz eta solasaldiz betea, belaunaldi desberdinetako jendeak nahasiko dituena, besta giro goxoan. 10:00etatik goiti, parada izanen da laborarien eta artisauen merkatuan barna ibiltzeko, ganer hustean miaka ibiltzeko, elkarteen herrixka ikusteko eta haur eta helduak loriatuko dituzten aktibitate eta animazio anitzetan parte hartzeko. Haurrei leku berezia eginen zaie, egun osoan jostatu eta xoratzeko ahala izanen baitute: pista jokoak, asto bizkarrez egin ibilaldiak, kermezako jokoak, mahai futbol erraldoia, harraparien laxatzea, etab.

Eta tokiko monetak ekintza publiko engaiatuagoen eta herritarrengandik hurbilagoen aldeko giltza balira?

Biarritzeko herriko zerbitzuetan euskoa hedatzean eta La Gemme tokiko monetan oinarrituz Bordelen Elikaduraren Gizarte Segurantzaren esperientzia berritzailean oinarrituz, 11:00etako hitzaldiko mintzalariak tokiko monetek beren lurraldea baikorki aldatzeko duten ahalmenaz interesatuko dira. Herriko Etxeetako agintaldiko azken urtean sartzear garela, Mathieu Kayser Biarritzeko auzapez ordeak, Jean-Baptiste Thony, Bordeleko Herriko Etxeko kontseilari delegatuak eta Anne-Laure Federici Ekonomia Solidarioaren aldeko Lurralde Elkargoen Sareko (RTES) ordezkari nagusiak beren esperientziak partekatuko dituzte.

Bestalde, segur gara tokiko produktuekin prestatu eta Herrian Kantuzek animatu “Laborarien gosari-bazkari” famatuak berriz ere gaitzeko arrakasta ukanen duela! Era berean, ez itzazue huts egin arratsaldeko animazio kulturalak, eta bereziki Gurashowren kontzertua eta Neskena taldearen Badoa dantza-ikuskizuna. Azkenik, Mutxi’kool taldeak egunaren eta kontzertu gaualdiaren arteko lotura eginen du.

Aurtengo edizioa azkarki aberastu dugu, eguneko egitarauari gaualdi bikaina gehituz: urte bukaeran jotzeari utziko diola iragarri duen Gatibu taldea izanen da Eusko Eguneko afixa burua! Gernikako laukotearekin batera, Xiberoots taldeko zuberotarrak ere ariko dira beren azken diskoa aurkezten, eta, gaualdia ederki bururatzeko, DJ Üzkülüz!

10 eusko / €-ko aurresalmentak laster saltzen ari gara, eta ondorioz badakigu merkatu estalian jende anitz bilduko dela. Argibide garrantzitsua gauaz etxera behar den bezala itzultzeko: joan-jinkariak izanen dira, urririk, ikusleak segurtasun osoz inguruko herri eta hirietara eramateko. Eta kanpalekua izanen da, Ñapurrak gelan gaualdia luzatuko duten motibatuenentzat.

Urteroko bestaz haratago, Euskoak, Ipar Euskal Herriko tokiko monetak, garatzen segitzen du, lurraldearen probetxutan. Moneta soil bat baino askoz gehiago da: gizarte- eta elkartasun-loturaren eragile den tresna bat da, eraldaketa kultural, ekonomiko eta ekologiko baten zerbitzura dagoena, balio jakin batzuk dituen egiazko sarea, gaur egungo eta etorkizuneko lurraldea moldatzen duten alternatibak nabarmentzen dituena.

Egitarau osoa eta 10 eusko / €-ko kontzertuetako txartelen aurresalmentak