Malandain Balleta Biarritzen sortu zen, 1998an. Gaur egun, Europan gehien ikusten den konpainietarik bat da, denboraldi bakoitzean 100.000 ikusle inguru biltzen baititu. Euskal Herriari arreta berezia eskaintzen dio, “bertako tradizioari, kultura biziari, hizkuntzari eta artista koreografikoei”. Horregatik erabaki du Eusko sareko kide izatea.

Malandain Balletekoak kausitu ditugu, urrats horren zergatia hobeki ulertzeko.

 

Euskal Moneta: Malandain Ballet Biarritzen aurkezpena egin dezakezue eta Euskal Herrian gorpuzten duena azaldu?

Malandain Ballet Biarritz: 1998an sortu zen balleta, Biarritzen, Kultura Ministerioaren eta Biarritzeko Herriko Etxearen ekimenez, Akitania Berriko eskualdearen eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseiluaren laguntzarekin. Frantziako Estatuko hemeretzi Zentro Koreografiko Nazionaletarik bat da. Teknika klasikoan formatuak diren hogeita bi dantzarik osatzen dute, eta Thierry Malandainen koreografia garaikideen bidez adierazten dira.

Malandain Ballet Biarritzek ehun emanaldi inguru ematen ditu urtean, haietarik herena Frantziako Estatutik kanpo. Zentro Koreografiko Nazionala den aldetik, balletak lan handia egiten du ere jendea dantzari sentsibilizatzeko –bana beste, urtean hirurehun eta berrogeita hamar esku hartze baino gehiago– eta artista eta konpainiak laguntzeko –”Harrera Estudioan” baliabideari esker–.

Bere kokapen geografikoaren ondorioz, lankidetza emankorrak eratu ditu Euskal Herriko kultura eragile anitzekin. Horrela, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiarekin elkarlanean, “Ballet T” proiektua eraiki du, zeinak Euskal Herrian arte koreografikoa distiratzea baitu helburu, obra koreografikoak koproduzituz eta zabalduz.

Zentro Koreografiko Nazionalak euskal koreografoei ere laguntzen die, alde batetik haien sorkuntzak “Harrera Estudioan” baliabidearen bidez lagunduz, eta bestetik haiei ikuspena emanez, eta horretarako Maitaldian programatuz edo udazkeneko Euskal Hitzorduetan eta udaberriko Begirada Gurutzatuetan. Azkenik, goi mailako ibilbide profesionala egin nahi duten euskal dantzariendako berezko “aukera” ere bada Balleta.

 

 

E.M.: Zergatik hartu duzue Eusko sareko kide izateko erabakia?

MBB: Malandain Ballet Biarritzeko kolaboratzaile batzuk Euskoko kide dira duela zenbait urtetik, tokiko ekonomiari laguntzeko, engaiamendu ekologikoei erantzuteko eta euskara bultzatzeko.

2017az geroztik, Balletak arte eta ingurumena programa bat eman du plantan. Programa honen helburua da jendea lurraldearen ingurumen-erronkei sentsibilizatzea, eta, horretarako, sorkuntza koreografikoa baliatzea. Gainera, tokiko hornitzaileak lehenesten ditugu, eta urte guziez 2,7 milioi euro sartzen ditugu tokiko ekonomian. Maitaldia festibala Eusko sarean sartu izanak eragin ekonomiko hori indartuko du lurraldean. Testuinguru horretan erabaki zuen Malandain Ballet Biarritzek Euskoren kide izatea.

 

E.M.: Sareko profesionalekin lanean ariko zarete?

MBB: Jadaneko, Eusko sareko kide diren arlo anitzetako –garraioa, komunikazioa, elikadura, eszenako materialaren alokatzea…– hornitzaileekin ari gara lanean. Eta tokiko partaidetza berriak sortzen ahalko ditugu, Eusko sarearen bidez jadanik existitzen diren edo sortuko diren proiektuak plantan ezartzeko.

 


Malandain Ballet Biarritz-eko dantzariak Victoria Eugenia de San Sebastiàn Pastoralaren irudikapenean. Argazkia Olivier Houeix Photographe eskutik.

 

E. M.: Nola erabiliko duzue euskoa Balletean?

MBB: Lehen urratsean, Euskoko kide izatearen helburua da ikusleei aukera ematea ikuskizunen sarrerak tokiko monetarekin pagatzeko. Uste dugu gure publikoaren zati batek gure balioekin bat egiten duela, eta, beraz, tokiko ekimenak sostengatzen dituela. Bigarren urratsean, pentsatzen dugu sareko kide diren hornitzaileak euskotan ordaintzea, zirkuitu laburren sarearen parte izatea, eta, gure langileei ordainsaria euskotan ordaintzea.

 

E. M.: Zein da euskararen lekua konpainian?

MBB: 1998an Biarritzen plantatu zenetik, Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografiko Nazionalak beti nahi izan ditu harremanak sortu Hego Euskal Herriarekin eta, zehazkiago, Gipuzkoako hiriburu Donostiarekin. 2000an Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europar Batasunaren laguntza jaso zuen –Interreg III A Europako Funtsa– mugaz gaindiko jarduerak hasteko.

Horrela, badu zenbait urte Iparraldeko eta Hegoaldeko eragileekin lankidetza proiektuak gauzatzeko xedea duen Lurraldeko Gune Koreografikoaren proiektuaren barnean idatzizko komunikazio hirueleduna baliatzen dugula: frantsesa, euskara, gaztelera. Gainera, euskara formakuntzak eskaintzen zaizkie nahi duten langileei, batez ere jendearekin harremanetan direnei. Helburua bikoitza da: euskaldunei harrera egitea eta mugaren bi aldeetan euskarazko ekintzak proposatzea.

 

E. M.: Azken hitza?

MBB: Arras kontent gara sareko kide izanik, eta espero dugu Euskoko kide profesional eta partikularrak gero eta gehiago izate!

 

Momentuz, aurkitu Pastorala ikuskizuna abuztuaren 4an eta 6an Miarritzeko Gare du midi.

 


Malandain Ballet – Miarritze
Zentro koreografiko nazionala