Helduei euskara irakasten dien AEK elkarteak bi urtean behin antolatzen du Korrika izeneko errelebo-lasterketa. Aurten, martxoaren 31tik apirilaren 10era iraganen da, eta Euskal Herriko 205 herri zeharkatuko ditu. Aurtengo leloa “Hitzekin” da (hitz eta ekin hitzen elkarketa), eta Euskok bere hitza betetzeko asmoa du, 22. Korrika honetan molde anitzetan parte hartuz!
“Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea.”
Bi urtean behin, milaka korrikalarik 2.000 km baino gehiago egiten dituzte Euskal Herriko hiri eta herrietan, egunez eta gauez. Lekuko bat pasatzen diote elkarri, eta honen barnean helmugan publiko egiten den euskararen aldeko esperantza mezu bat dago. Gertakari handi horri esker, harremanak sor daitezke euskararen geroaz axola diren pertsonen artean –euskaldunak izan ala ez–. Korrikak sortzen duen oldeak erakusten du herritarrek euskara biziarazteko nahikari handia dutela.
Gertakari hau sostengatzeko badira molde anitz: laguntzaile gisa lan egitea, korrika egitea, bizkarreko bat erostea, ekitaldien berri ematea eta horietan parte hartzea eta abar.
Eta enpresa edo elkarteentzat, dohaintzak egin eta kilometro bat “eros” daiteke!
Azken aukera horren alde egin du Euskok, Baionan Korrikak eginen duen ibilbidean kilometro bat erosiz, Les Bascos elkartearekin batera.
Hitzordua apirilaren 9an, larunbatean, 17:30ean, Pyrénées ostatuaren aitzinean, euskararen alde elkarrekin korrika egiteko!
Gainera, Korrika Kulturalaren parte gisa, Euskok quiz gaualdia antolatuko du, apirilaren 8an, ostiralean, Baionan, arteari eta kulturari eskainitako Züzülü izeneko gunean. Hainbat talde lehiatuko dira, eta kultura orokorrari buruzko galderei, musika blind-test bati eta “Non hartu zen argazki hau?” probari erantzun beharko diote parte hartzaileek. Eusko sareko profesionalek eskuzabaltasunez eskainitako sari anitz izanen dira irabazteko:
– Spot du Linge, Le Cinéma l’Atalante, La Crêperie d’Aurélie, Minjopla, Family and co eta Horizon(s) Le Mag, Baiona
– Maison Balme, Angelu
– Larrungo Xaboina eta Unea massage, Urrunatuak
– Izanaia eta Thés des docks, Miarritz
– Banaka, Kanboa
Gaualdia jende guzientzat zabalik da. Gutienez bi pertsonako taldeak osatu behar dira. Izena emateko, pertsona bakoitzeko 2 eusko ordaindu beharko dira. Jatekoa eta edatekoa izanen da han berean, baita argibideak eman, euroak euskotan trukatu eta Euskoren kide egiteko mahaia ere!
Azkenik, apirilaren 9an, larunbatean, Baionan, Korrikaren iragatea ospatzeko, AEK elkarteak karpa bat ezarriko du, egun osoan animazioak (dantza, bertsoak…) eta arratsean kontzertuak antolatzeko.
Euskok argibideak emateko mahaia ezarriko du han, 11:00etatik Korrika pasa arte, galdera guziei erantzun, kide berriak egin, aurkitegi berriak banatu eta, bistan dena, euroak euskotan trukatu ahal izateko. Izan ere, janari eta edariak tokiko monetan ordaintzen ahalko dituzue!
Euskalduna izan ala ez, denok batera hitzekin dezakegu euskararen alde!