Badu orain 12 urte, Euskoak, Euskal Herriko tokiko monetak, gure lurraldearen dinamismoa laguntzen duela. Gaur egun, gogoeta bat abiatu dugu anbizio handiko etapa berri bat gainditzeko: mugaz gaindiko tokiko moneta baten sortzea, Ipar eta Hego Euskal Herria barne hartuko duena.
Proiektu horren baitan, prestaketa lanak hasiak dira. Alde batetik egiten ari giren ikerketa juridikoekin eta bestalde, Baztan eta Oarsoaldean (Errenteria, Oiartzun, Pasaia, Lezo) aurreikusten ditugun esperimentazioekin. Euskoak aktiboki parte harrarazi nahi ditu Ipar Euskal Herriko biztanleak.
Galdetegi bat proposatzen da hobeki ulertzeko:
– Gaur egungo Eusko erabiltzaileen praktikak, publiko desberdinen kasuan izan partikularrak, profesionalak, elkarteak edo kolektibitateak.
– Oraindik Euskal Monetako kide ez diren biztanleen iritziak edo perzepzioak, tokiko monetari buruzko balizko dudak eta igurikimenak identifikatzeko.
Zure iritzia funtsezkoa da!
Kontsulta horri esker, informazio baliotsuak bilduko dira Euskoaren garapena bideratzeko, lurraldean duen eragina indartzeko eta mugaz gaindiko tokiko moneta bat sortzearen aldeko esperimentazio bat abiaraztearen alde egiten ari diren hausnarketetan laguntzeko.
Ipar Euskal Herriko biztanle guziak gomitatzen ditugu galdetegi labur hau betetzera (3 minutu gehienez!). Zuen ekarpenak ezinbestekoak dira gure lurraldearen nahiak eta beharrak islatuko dituen tresna ekonomiko bat ko-eraikitzeko.
Eskerrak eman nahi ditugu parte hartzen duten guztiei, bai eta ere desmartxa diruz laguntzen dutenei (Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Udalbiltza), Euskoarentzat eta lurraldearentzat garrantzitsua izanen den urrats honetan egiten duten aportazioagatik.