Galdera praktikoak…
> Zenbat balio du euskoak?
1 eusko = 1 euro
> Zein dira ordaintzeko manerak?
1, 2, 5, 10 edo 20 euskoko billete seguruak badira, bai eta eusko numerikoak ere. Eusko numerikoa nahi duten kide guziei —bai partikularrei, bai profesionalei— eskaini Interneteko eusko-kontua da, beren artean eusko numerikoak erabiltzeko bi posibilitaterekin:
- biramenduak
- Euskoaren kreditu txartela, euskokarta, banku txartel bat bezala ibiltzen dena, 4 zifrako PIN kode batekin, eta Euskal Monetak profesionalei prestatu ordainketa-tresna elektroniko baten bidez ordaintzeko balio duena
> Nola itzuli xehea, euskoz egin ordainketen kasuan?
Eusko numerikoak erabiltzean, ordainketak zentimoraino egiten dira, beraz ez da xehea itzuli beharrik.
Billeteak erabiltzean, euskoz ordaintzen dizutelarik, xehea euskoz itzultzen duzu eta zentimoen kasuan, eusko zentimorik ez denez, jatetxe txekeekin bezala egiten duzu: xehea eskatzen duzu. Salgaia 5,50 € gosta baldin bada, bezeroak 5 eusko eta 50 euro-zentimo ematen dizkizu; edo 5 eusko eta euro bat, eta 50 euro-zentimo itzultzen dizkiozu.
> Kutxa bikoitza behar ote da? Kontabilitate bikoitza?
Ez, zure kutxa eta zure kontabilitatea zailtasunik gabe egiten dituzu.
Euskoa, billetez edo numerikoz, ordaintzeko tresna bat da, txekeak, jatetxe txekeak, opor txekeak… bezala…
Zure kutxa irarlean pagatzeko manera berri bat programatzen duzu («eusko», edo «eusko» eta «euskokarta» tekla bat), eusko-billeteen eta euskokartaren bereizteko.
Zure kontabilitatean 5. klaseko (Altxortegia) azpikontu bat erabiltzen duzu eta euskoz egin egunero balantza atxikitzen duzu, zeina zure eusko billlete-kupoiei esker eta zure Eusko ordainketa-tresna elektronikoan beti eskuragarri duzun kobrantzen bildumari esker egiaztatzen baituzu.
Zure salmentak beti euroz erregistratuak dira eta zure euro-kontabilitatean kopiatuak, zure gizarte kotizazioen eta zerga deklarazioen egiteko (TVA, BIC, IS, IR…). Beraz, eurotan baizik ez duzu deklaratzen!
> Aldi berean euskoz eta euroz egin ordainketa bat onartzen ahal ote dugu?
Bai, zenbatekoa banatuz erabili pagatzeko moldeen artean.
> Euskara jakin behar ote da sarean sartzeko ?
Ez, edonor sar daiteke sarean, bistan dena. Aldiz, Euskoaren helburu nagusietarik bat, ekonomia berriz hona ekartzeaz gain, euskararen erabilera publikoaren sustatzea ere da.
Euskoa onartzen duzula adierazten duen pegatinak, zure aitzindegian, zure euskara maila ere adieraziko du, gaizki ulertzerik izan ez dadin :
- «Lehen hitza euskaraz» pegatina: ez dakizu euskaraz mintzatzen, pixka bat badakizu, edo zure saltzaileetarik batek badaki eta zuk ez. Zure bezeroek, menturaz, «Egun on» erranen dizute «Bonjour» erran ordez, eta «Milesker» joatean. Zuri dagokizu, nahi baldin baduzu, jendetasunezko hitz batzuk ikastea, erantzuteko; hiztegi bat ematen ahal dizugu.
- «Euskaraz» pegatina: zure saltegian, bezeroak euskaraz mintzatzen ahal zaizkio zerbitzatzen dituen pertsonari.
> Nola iragaten dira euskokartaren bidezko ordainketak?
Euskokartak kontakturik gabeko NFC teknologia erabiltzen du; harekin ordaintzeko segundo bakar batzuk behar dira :
- Ordaindu beharreko zenbatekoa zure Eusko ordainketa-tresna elektronikoan idazten duzu.
- Zure bezeroak bere euskokarta ordainketa-tresna elektronikoaren kontra ezartzen du. Ordainketa-tresna elektronikoak bezeroa zuzenean ezagutzen du eta haren izena pantailaratzen
- Bezeroak 4 zifrako bere PIN kodea idazten du eta ontzat ematen. Bezeroaren kontua aski betea baldin bada, euskoak berehala isurtzen dira haren kontutik zure kontura. Bestenaz, ordainketa ez da onartua eta bezeroak ordaintzeko beste manera bat hautatzen du.
- Ordainketa-tresna elektronikoak baieztatzen du ordainketa egin dela (edo ez dela onartua izan, hala baldin bada).
> Ordainketa-tresna elektronikoak tiketarik ematen ote du?
Ordainketa-tresna elektronikoak ez du tiketarik ematen, baina :
- zure kontuan egin dituzun operazio guzien laburpena zure Interneteko eusko-kontuan ikusten ahal duzu,
- eguna bururatzean, sartu zaizkizun ordainketa guzien zerrenda zure ordainketa-tresna elektronikoan ikusten ahal duzu,
- bluetooth inprimagailu bat erosi eta zure ordainketa-tresna elektronikoari lotzen ahal diozu.
> Zer gertatzen da ene bezeroak bere kontuan ez baldin badu aski euskorik?
Zure bezeroaren eusko-kontua ez baldin bada aski betea, ordainketa ez da onartua. Eusko numerikoarekin, ez da ordaindugabeko erosketarik izateko arriskurik.
> Nola egin lotura ene kutxaren eta eusko numerikoz ukan ditudan ordainketen artean ?
Edozein momentutan, zure ordainketa-tresna elektronikoan, egunean, astean edo hilabetean errezibitu dituzun ordainketen zerrenda ikusten ahal duzu, eta zure kutxa irarlearen arabera egiaztatzen ahal dituzu.
Transakzio horien zerrenda ikusteko: orri nagusitik, joan «Transactions (Transakzioak)», orrira, gero «Reçus aujourd’hui (Gaur eskuratuak)», edo «Reçus cette semaine (Aste huntan eskuratuak)», etab.
Zure operazioen bilduma —data batetik beste data batera— PDF moldean telekargatzen ahal duzu ere, zure eusko-kontutik, nahi duzularik.
> Nola erregistratu euskokartaren bidez egin erosketak, ene kutxan ?
Zure kutxako parametroak aldatzen ahal dituzu, «Euskokart» pagatzeko molde baten gehitzeko.
> Zer informazio eman behar dizkiot ene kontulariari?
- Euskoa kontabilitatean sartzen ahal da jatetxe txekeak bezala
- Eskatzen baldin badiguzu, «Guide comptable et fiscal de l’utilisation de la monnaie locale pour les professionnels» dokumentua igorriko dizugu
- 820 enpresa, saltegi eta elkartetako kontulariek euskoa beren kontabilitatean sartzen dute neholako arazorik gabe. Zureak ere lortu behar luke…
> Ene langileak euskotan ordaintzen ahal ote ditut ?
- Bai, langileak bere adostasuna idatziz baieztatuz geroz, eta hilabetean 1500 €-ko mugarekin. Horretarako, bistan dena, Euskal Monetako kide izan behar du.
- Orduan, zure euskoak zure eusko-kontutik bere eusko-kontura isurtzen dituzu (edo paperezko euskoen bidez ordaintzen duzu).
- Euskoz egin ordainketa paga-agirian idazten ahal da, konturako ordainketa bat bezala.
- Gisa berean, gastuen kontuak euskoz ordaintzen ahal dira.
> Euskoak kontuan sar eta kontutik atera ditzakegu?
- Bai, paperezko euskoak zure eusko-kontuan sartzen ahal dituzu (eta kontutik atera) Eusko-aldaguneetan; 28 aldagune baino gehiago badira (zerrenda hemen).
- Eusko-aldaguneak informatizatuak izanik, operazio horiek berehala sartzen dira kontabilitatean.
- Oharra: Aldaguneak eragiketa horiek erregistratzen ahal ditu baina ezin ditu kidearen kontuak begiratu.
> Eusko numerikoak eurotan aldatu ditzakegu?
Bai, eusko numerikoak diruz itzultzea eskatu dezakezu sinpleki linean duzun kontuaren bidez.
Zure eusko kontuan berehala hartua da dirua eta 10 eguneko epean euro biramendu bat egina izango da zure trukearen %95eko balorekoa. Zeren eusko billeteentzat bezala, %5eko komisioa hartzen dizu Euskal Monetak egin duzun errekonbertsioan euskoaren zirkulazioa bultzatzeko.
Azkenean, euskoak eurotan hala ere trukatu behar baldin badituzu, jakin ezazu Euskal Monetak hartu % 5 horiek baliatzen dituela elkarteei Euskoaren % 3koaren emateko. Alabaina, 2023an, 69 672 eusko baino gehiago eman zaizkie 70 elkarte baino gehiagori (ikus hemen).