Aurten, Lurramak bere euskoaren erabilpena indartzen du bi berrikuntzekin: sarrerak euskokartarekin ordaintzen ahalko dira 2.solairuko sartzean, eta norberak euskoak ateratzen ahalko ditu bere bankuko txartelarekin behereko txartelen gunean.
2013an Euskoa sortu zenetik, Lurramak Euskal Herriko tokiko moneta sustengatzen du prezioak euskotan afitxatuz eta sarrerentzat, bazkarientzat eta txartelentzat eusko billeteetan ordainketak onartuz. Aurten, Biarrizko Irati eraikinean aste buru honetan, azaroaren 8, 9 eta 10ean igaroko den laborantza herrikoia eta iraunkorraren saloieko (egitaraua hemen) sarrerak ere euskokartarekin ordaintzen ahalko dira, Eusko ordainketa txartela, 2.solairuan dagoen sartzean.
Beste berrikuntza: Eusko kide izan edo ez, guztiek ahalko dute errazki dirua trukatu zuzenean beraien bankuko txartelarekin, eta horrela euskoak eduki bazkariak, txartelak, laborarien xokoan edo elkarteen gunean egindako erosketak ordaintzeko. Praktikoa, jakinez Lurramak ez dituela bankuko txartela arruntekin ordainketak onartzen, eta euro billeteak ematen dituen kutxa automatiko bakarra kanpoan dagoela.
Horretarako aski izango da behereko gela handiko sartzean izango den txartelen salmenta gunera joatea, ostiralean eguerditik gauerdi arte, larunbatean ordu 1etatik goizeko 1ak arte, eta igandean ordu 1etatik goizeko 2ak arte (Inspecteur Cluzoren kontzertu handiarentzat!). Zerbitzu hori dohan da Eusko kideentzat. Kide ez direnek berriz diru ateratze bakoitzean euro 1 ordaindu beharko dute, behingo kidetze moduan (Izan ere, derigorrezkoa da legalki Eusko kide izatea Euskal Herriko tokiko moneta baliatu ahal izateko).
Bestalde, urtero bezala, Euskoak, bi informazio mahai izango ditu hiru egunetan informazioa jaso, kidetu, dirua trukatu, eusko kontu bat ireki edo dirua atera ahal izateko. Atera berri dugun Eusko kontuaren bertsio berriari buruz informatzeko aukera izango duzue ere. Smartfonei egokituriko egitura berri bat du, eta funtzionaltasun berri asko!
Lurramaren aurtengo gaia «Klima bizia da!» izango da, beraz, aukera ere bada guretzat euskoaren erabilpenaren garrantzia azpimarratzeko klimaren beroketaren aurkako borrokan. Zehazki, laster 1000 profesional elkartuko dituen Eusko sareko %56 enpresek gutxienik hornitzaile berri bat hartu dute kidetu ondoren, beraien bezeroek emandako euskoak gasturik gabe berriz baliatu ahal izateko. Horri esker konkretuki ekonomiaren birtokiratzea eta zirkuitu laburren garapenaren alde egiten du, klimaren nahasmenduaren eragile nagusi bat den garraioari loturiko berotegi efekturako gasen emisioak murriztuz.
Gainera, Euskal Herriko biztanleen kontsumoa Euskoak sarean bakarrik onartua den laborantza herrikoi eta iraunkorrerantz bideratuz, Euskal Herriko moneta baliabideak gutxiago surgatzen eta, lurralde orekatuago bat, laborarien, kontsumitzaileen eta inguramenaren errespetuaren alde egiten duen laborantza baten garapenean parte hartzen du. Beraz, laborantza herrikoia sustengatzea ongi da, baina euskoz hobe!