Zergatik konfinamendu benboran euskoaren erabiltzen segitzea baitezpadakoa da ? Nola egin egunerokoan ?Eusko erabiltzaile bat galdezkatu dugu, Hazparneko Fabien Colombet.
Zergatik konfinamendu garai hauetan erosketak euskoz egiten segitzea garrantzitsua da ?
Fabien Colombet: Oro har, garrantzitsua iruditzen zait euskoaren erabiltzea eguneroko bizitzan eta edozein erosketentzat: elikagai, jantzi, aisialdia… Gure subiranotasun ekonomikoa berreskuratzeko tresna azkar bat da, bai eta trantsizio ekologikoa laguntzeko eta gure hizkuntza, euskara, biziarazteko.
Iruditzen zait egungo krisialdiak behar hori nabarmentzen duela. Gauza garrantzitsuak jarri behar dira martxan, besteak beste, zailtasun haundietan direnekiko elkartasuna edo gure zaintzaileei laguntzea. Baina badira gure laborariak, gure artisauak, gure saltzaileak, lagundu behar direnak ere, eta horretarako Euskoa molde indartsua da. Erabiltzen ditugun eusko guztiak tokiko ekonomian egonen baitira, eta beraz, euskoz aldatutako euro guztiek ekonomia hori elikatzen dute, eta guretzat funtsezkoak diren pertsona guztiak biziarazten dituzte, denbora arruntean, baina oraindik gehiago garai berezi hauetan.
Beraz, bai Euskoa garrantzitsua da, eta oraindik gehiago orain. Kideek ahalik eta gehien erabili behar dute, eta aspalditik dudan direnak balia daitezke urratsa egiteko. Euskoen erabiltzea gure ekonomiaren sustatzea da: ez dakigu nola atzemanen dugun gero, beraz, ahalik eta gehien indartu behar dugu. Eta horrek lurraldea biziarazten dutenen —saltzaile, artisauak, laborari…— laguntzea ahalbideratzen du, interneteko banaketaren edo salmentaren marka handiak, multinazionalak etab laguntzeko partez.
Nun bizi zira eta konfinamendu garai hauetan nola erabiltzen duzu euskoa ?
Hazparnen bizi naiz. Ene Euskoen erabilera ez da aldatu. Ene eusko kontuari lotua den Euskokarta erabiltzen dut batez ere, eta batzuetan, ene kontutik eusko billeteak hartzen ditut idekia egon den Kompa Informatika aldagunean.
Lehengo denda beretara joaten naiz beti, Eusko kide direnak eta konfinamendu denboran zabalik egon direnak. Biolurra epizeria, Zarea ekoizle saltegia, Louis Oshospital xerriki saltzailea, merkatua, etxetik saltzen duten ekoizleak… Oro har, horiekin aski dut ene elikagaien erosteko. Okindegi bat (baina badirudi Bidart okindegiak fite Eusko kide pasatu behar lukeela) eta harategi bat besterik ez zaizkit falta.
Garai berezi hauetan, nola egiten duzu beti euskoen ukaiteko zurekin ?
Batez ere euskokarta erabiltzen dudanez, Eusko kopurua nire kontu numerikoaren bidez kudeatzen dut, hilabeteko alda automatikoarekin edo eskas dutalarik ene kontua kartgatzen dut aldaketa puntualen bidez. Bestela, aldagunera noa xehea euskoz aldatzera. Baina egoera ikusita, saltokiek karta erabiltzen dute batez ere; beraz, urruntze sozialerako garai hauetan euskokarta tresna ezinbestekoa da! Beste behin ere, Euskal Monetak bide egokia segitu du numerikoarekin eta euskokartaren sorrerarekin. Horrelako egoera katastrofikoak saihestu nahi baditugu, gaur osasunekoa bainan berdin bihar ekonomikoa edo klimatikoa izan daiztekenak, gure ohiturak aldatu behar ditugu eta Eusko kidetu behar dugu. Aldaketa ttiki bat da guretzat, bainan eragin handia du.