Lekuko elkargoen ordainketak euskoz

Aurkibidea

1- Azken berriak

2- Testuingurua

3- Hautetsien deia « Berrikuntzari bai! »

1. Azken berriak

Ostirala uztailaren 20an : Euskal Hirigune Elkargoa Euskoari kidetzen da!

Ostirala ekainaren 8an : Ordainketak euskotan Baionako Hiriarengandik: Herriko Etxeak akordioa berretsi du

«Euskal Herrian ekoiztutako aberastasunak lurraldeko eragileerantz norabidetzean aktiboki parte hartzeko, Baionako Herriko Etxeak euskoaren erabilpena bultzatu nahi du bere hartzedunekin, bereziki, hauetsiekin, elkarteekin eta enpresekin». Helburu garrantzitsu horiek gogoratuz hasten da ordainketak euskotan martxan jartzeko Euskal Moneta eta Baionako Herriko Etxearen arteko hitzarmenaren gehigarria.

Gehigarri hori aho batez bozkatua izan da ekainaren 7an (osteguna) iragandako Baionako herriko kontseiluan, eta, horri esker, Baionako Herriko Etxeak bere gastuen hartzedunei (enpresak, elkarteak, hautestiak, eta abar) euskotan ordainduak izaitea proposatzen ahalko die. «Grenoble, Nantes, Lille, Parise bezalako Frantziako herri askok ekimen horretan sartuak dira, tokiko monetak lurraldearen garapenaren zerbitzuko tresna garrantzitsuak direla ulertu baitute», gogoratu du erabakia aurkeztu duen Martine Bisauta auzapezordeak.

Gehigarri horrekin finkatzen den dispositiboa Prefetak auzitan jarritako jatorrizko hitzarmenean idatzitako berdina dela azpimarratu behar da, ezberdintasun bakarra da «euskotan ordainketa» terminoa kendua izan dela.

Estatuak, izan ere, Herriko Etxeak bere gastuak ez dituela zuzenean euskoekin ordainduko azpimarratu du, baizik eta Euskal Monetari ordainduko dizkiola eurotan, eta, Euskal Monetak sartuko duela ondotik enpresaren, elkartearen edo hautetsiaren eusko kontuan kopuru berdineko diru zama. «Eusko ordainketa» terminoa sahiestua izan da, beraz, hitzarmenaren testuan, eta horri esker Prefeturak proposatutako dispositiboari onespena eman dio.

«Pozten nau aterabide bat atzeman izana, are gehiago hitzarmena bere izatean ez baita zalantzan jarria izan, eta gehigarriak nahi genuena egiteko aukera ematen baitu», adierazi du Baionako auzapeza, Jean-René Etchegarayk. «Euskal Hirigune Elkargoaren ondoko Erkidegoaren Kontseiluan ber mekanismoa onartzeko proposamena luzatuko dut». «Orain irekia dela» Baionako alkateak beste herriko etxeei deia zabaldu die bide berdina segi dezaten.

Akordio horren ondotik, eta Pirineo Atlantikoko Prefetak joan den ekainaren 2an prentsaren bidez baieztatu bezala, udalak kasazioan jarritako hel egitea batetik eta, Pirineo Atlantikoko Prefetak funtsa auzitegira eramateko asmoa bestetik, kentzea engaiatu dira Baionako auzapeza eta Prefeta.

Euskoekin eginen diren lehen ordainketen artean Jean Claude Iriart hautetsiarenak daude seguruenik, herriko kontseiluan ordainsariak euskoetan izateko eskaera berriz ere luzatu baitu.

Ostirala maiatzaren 4an : Prefetaren prozeduraren ondotik, Bordaleko dei auzitegi administratiboak Baionako herriaren eta Euskal Monetaren arteko hitzarmena gelditzea erabaki du gaur. Baionako herriak ezin du beraz ordainketarik euskotan egin, oraingoz. Alabaina, afera funtsean jujatua izan beharko da orain, eta auzia ondoko hilabeteetan izanen da.

Osteguna apirilaren 12an: Estadoa tematzen da!

Pirineo-Atlantikoko Prefetak dei egin du Paueko Auzitegi Administratiboak hartu erabakiaz, hunek Baionako Herria eta Euskoaren harteko hitzarmenaren legalitatea baieztatu zuelarik.

Ostirala apirilaren 6a : Sarako Herriko Etxeak Euskoari kidetzea bozkatu du aho batez, eta hitzarmen bat izenpetu Euskoarekin. Euskoa herriko zerbitzu batzuetan erabiltzen ahalko da ondoko hilabeteetan

Osteguna martxoaren 29an: Garaipen garrantzitsua… goazen aitzina!

Herriko etxe batek diru laguntzak, hautetsien ordainsariak eta enpresen fakturak euskotan pagatzen ahal ditu: hori baieztatu du ortzegunean Paueko Auzitegi administratiboak.
Pirineo-Atlantikoko Prefetak galdegin zion Auzitegiari Baionako Herriko etxearen eta Euskoaren harteko hitzarmena blokatzea eta 10 argudio desberdin emaiten zituen bere galdearen bermatzeko. Jujeak 10 argudio horiek haizatu ditu eta dio « ez dutela hitzarmenaren legezkotasuna serioski zalantzan ezartzen ».
Garaipen garrantzitsua da Euskoarentzat eta Baionako herriarentzat, bai eta Ipar Euskal Herri osoarentzat, lurraldearen zerbitzuko den tresna bat azkartzen baitu, garapen ekonomikoaren alde, trantsizio ekologikoaren alde eta euskararen alde.
Garaipen hori logikoa da, Baionako Auzapezak, Herriko zerbitzuek eta Euskoak elgarrekin lan egin baitute, eta serioski, legea errespetatzen duen ordainketa sistema baten plantan ezartzeko. Sistema horrekin, Herriko etxeak ordainketak euskotan egiten ahal ditu boluntario diren hautetsi, elkarte eta enpreser.
Berri biziki ona da, bestalde, Frantziako tokiko moneta guzientzat, erabaki horrek jurisprudentzia berria sortuko baitu. Horri esker, nahikeria duten lekuko elkargo guziek ordainketak egiten ahalko dituzte tokiko moneta batekin.
Nork daki orai Estadoak zer eginen duen. Tematu, Ipar Euskal Herrian sortu den berrikuntza hori blokatu nahiz, edo hortan gelditu eta jaukimenduak utzi, ohartuz gure proiektua xantza bat dela: Ipar Euskal Herrian ukaitea, gaur egun, tokiko moneta serios bat eta herri berritzaile bat, eraginkorra eta legala den sistema bat sortu dutena, lekuko elkargoek oraindik gehiago parte hartzeko tokiko moneta baten zirkulazioan haien lurraldean, ekonomiaren eta trantsizio ekologikoaren dinamizatzeko.

Ostirala martxoaren 23an : Auzaldia auzitegi administratiboan, jujeak bere erabakia heldu den aste hastapenean emanen du. Estadoak ez du argudio erabakigarrik aurkeztu Euskoa eta Baionako herriaren kontra.

Ostirala martxoaren 23an : Lasaiki joanen gira beraz, ostirala martxoaren 23an 14:30tan Paueko Epaitegi Administratibora gure argudioak aurkeztera.

Osteguna, martxoaren 8a: Pirineo-Atlantikoko Prefetak berehalako auzitegian errekurtso berri bat jarri du Paueko epaitegi administratiboan.
Oraingo honetan ez du erabakiaren aurka jo baizik eta hitzarmenaren aurka, argudio zerrenda luze bat garatuz.

Prefetak dio adibidez Baionako hiriak ezingo lukeela Euskoa erabili ez baita Ekonomia soziala eta solidarioaren kidea. Gauzak nahasten ditu: 2014ko
uztailaren 31ko ESSaren legeak dio tokiko moneta bat hedatu eta kudeatzeko ESSko kide izan behar dela, ez aldiz erabiltzeko.

Prefetak dio ere Baionako Hiriak eusko kontu bat izan beharko lukeela, eta horrek ez du diruzaintza publikoan fondoak pausatzearen betebeharrarekin bat egiten: Baionako hiriko zerbitzuak eta Euskal Monetaren artean landutako dispositiboak, izan ere, hiriak Eusko kontua bat irekitzea behartua ez izatea aurreikusten du, kuadro legalaren aurka ez egiteko. Argudioak bat bestearen ondotik jarraitzen dute horrela, Baionako Hiriarekin daukagun hitzarmenaren azterketa oker bat erakutsiz.

2. Testuingurua

2017ko uztailaren 19an aho batez bozkatu delibero baten bidez, Baionako Herriko Etxea Euskal Monetarekin –Euskal Herriko Tokiko Monetarekin hitzarmena izenpetu du eta, hautetsien gastuak, zein elkarteei eta enpresei zuzenduriko gastuak euskoz ordaintzeko engaiamendua hartu du, beraiekin adostuz gero.

Egungo araudiak lurralde elkargoei ordainketak tokiko moneta osagarriekin egitea berez baimentzen du. Izan ere:

  • 2012ko azaroaren 7ko dekretuak Kode monetario eta finantziarioan agertzen diren ordainbide mota guztiak erabiltzeko baimena ematen die tokiko elkargoei.
  • Eta 2014ko uztailaren 31an bozkatua izan den Ekonomia soziala eta Solidarioaren legearen 16.artikuluak tokiko moneta osagarriak Kode Monetario eta finantziarioaren barnean sartzen ditu, 311-5 eta 311-6 artikuluen bidez.

Pirineo Atlantikoko Prefeta, alta, zaharkiturik dagoen 2012ko abenduaren 24ko erabaki batean oinarrituz, hartua izan den deliberoaren aurka altxatu da, Paueko auzitegi administratiboan, 2018ko urtarrilaren 13an iragan beharra zuen auzialdia izan aurretik auzigabetze batekin bukatu den lehenengo berehalako errekurtsoa jarriz.

Pirineo Atlantikoko Max Brisson Senatariak joan den otsailaren 13an pausatutako galderarekin galdatua izan ondoren, gobernuak justifikaziorik gabeko mesfidantzaz beteriko erantzun bat eman zuen eta, trenkatzea justizia administratiboaren esku uzteko nahia jakinarazi du.

Baionako Herriko Etxea eta Euskal Monetaren arteko hitzarmenak legalitatea eta kondularitza publikoan indarrean diren egungo prozeduren errespetuan ekarri beharreko berme guztiak ematen ditu. Baionako hiriak kontaktatu dituen eskubide publikoan aditutako goren mailako juristen analisiek berresten dutena, izan ere.

Prefetak, ondotik, bere jarrera berretsi du berehalako epaiketa baten bidez. 2018ko martxoaren 23an izan da auzia eta Paueko Auzitegi Administratiboak gibelera bota du Estatuak emandako argudioetan ez baitu Euskoa eta Baionako Herriko Etxearen arteko « hitzarmenaren legezkotasuna zalantza seriosik sortu ditzaken » mamirik (ikus azpian, azken berriak atalean).

Erronka handia da, tokiko moneta bat gastuak ordaintzeko erabiliz elkargo batentzat palanka berritzailea eta esanguratsu bat baita lurraldean ekoiztua den aberastasunaren zati handiagoa birkokatzeko, eta zirkuitu laburrak bultzatzeko.

3. Hautetsien deia « Berrikuntzari bai! »

Dei honen izenpetzaileek berrikuntza nahi hori erraztea eskatzen diote gobernuari, beraz. Lurralde elkargoen deszentralizazio eta kudeaketa askearen printzipioak gailendu behar dute horrela nahi duten elkargoei, beharrezkoak diren garantia guztiak ematen dituzten beraien tokiko monetak erabiltzen uzteko, lurraldeko garapena dinamizatzeko eta trantsizio ekologikoa eta solidarioa bizkortzeko helburuarekin.

Gobernuak, egokia iruditzen bazaio, Aurrekontuaren Ministroari eskatzen ahalko dio 2012ko abenduaren 24ko erabakia osatzea, 2014ko uztailaren 31an ESSaren legearen bozkarekin inplizitoki egindako integrazioaren ondotik, elkargoek baliatu ditzazketen ordainbideen zerrendan argi eta garbi integratzeko.

Eskerretik eskuinera : Frédrérique Espagnac, Emilie Dutoya, Kotte Ecenarro, Jean-René Etchegaray, Dante Edme-Sanjurjo, Lucien Betbeder eta Xebax Christy

Dei hau izenpetua dute :

Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria
Lucien Betbeder, Biltzarreko lehendakaria eta Lekorneko Auzapeza
Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapeza, Euskal Hirigune Elkargoko 1. lehendakari ordea, finantza karguduna, departamenduko kontseilaria
Bruno Carrère, Uztaritzeko auzapeza
François Dagorret, Bastidako auzapeza
Alain Iriart, Hiriburuko auzapeza, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordea, saneamendua eta euritako uren karguduna
Daniel Olçomendy, Izurako auzapeza, Euskal Hirigune Elkargoko Turismoa, natura eta ondarearen ardura duen kontseilaria
Jean-Baptiste Laborde Lavignette, Sarako auzapeza,  Euskal Hirigune Elkargoko Mendiaren ardura duen kontseilaria
Jean-Paul Diribarne, Bardozeko auzapeza, departamenduko kontseilaria (Errobi-Aturri)
Michel Etchebest, Mauleko auzapeza eta Hirigune Elkargoko Lehendakari ordea Ekonomian
Vincent Bru, Pirineo Atlantikoko 6. bozka-eremuko deputatua
Max Brisson, senataria
Frédérique Espagnac, senataria
Mathieu Bergé, Eskualdeko kontseilaria portuak, aireportuak, Euroeskualdea eta mugazgaineko
kooperaziorako arduraduna
Sandrine Derville, Akitania Berria Eskualdeko lehendakari ordea, Turismoaren arduraduna
Emilie Dutoya, Eskualdeko Kontseilaria
Alice Leiciaguecahar, Eskualdeko Kontseilaria, Laborantza komisioko lehendakaria
Andde Sainte-Marie, Eskualdeko kontseilaria, Mendia eta artzain munduaren arduraduna
Michel Veunac, Eskualdeko kontseilaria, Miarritzeko auzapeza, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari ordeaerakargarritasun turistikoaz eta ekonomia urdinaz arduradun
Marie-Christine Aragon, departamenduko kontseilaria (Baiona)
Isabelle Pargade, departamenduko kontseilaria (Baigura eta Mondarraine)

Dei hau nahi duten tokiko hautetsi guztiek izenpetu dezakete, azpian aurkituko duzuen deiaren testua imprimitu eta, ondotik izenpeturik info@euskalmoneta.org e-postara edo Cordeliers karrika, 20 64100 Baiona helbidera birbidali. Milesker.