EUSKO-KONTUA: ERABILBIDEA
Eusko-kontu baten irekitzeak ez du gastu gehigarririk ekartzen: zure urtesaria ordaintzen duzu soilik, bazkidetza sinplearen tarifa berean.
Eusko-kontu elektroniko seguru bat baduzu: Internet bidez behatzen ahal diozu, zure banku-kontuari bezala.Kontu hau Euskopay pagatze aplizakioari eta hautuzko pagatze kartari lotua da (Euskokarta).
- Zure eusko-kontuan ezin duzu zilorik ukan. Beraz, banku gasturik ez (beste gasturik ere ez).
- Kontuan ez baldin baduzu aski dirurik, beste eusko-kontu batera biramendurik egitea edo saltegi batean euskokartaz ordaintzea errefusatuko zaizu.
- Segur izateko zure kontuan beti badela gutieneko diru kantitatea, hilabeteroko truke automatikoa plantan ezarri behar duzu (gutienez 20 euskokoa). Horren elikatzeko, zure beste banku batetik sosa automatikoki aterako dugu, hilabete guziz, 10ean; horretarako, banku hortako nortasun agiria emanen diguzu. Eragiketa gasturik gabekoa da, eta zure eusko-kontuan truke automatiko horren zenbatekoa edozein momentutan egokitzen ahal duzu, bai emendatuz, bai ttipituz. Kontseilatzen dizugu hilabetean gutienez 50 euskorekin hastea, lehen asteetan aski ukaiteko, berdin gero zure truke automatikoa ttipituko duzu, nahi baduzu.
- Billeteak ere ateratzen ahal dituzu zure eusko-kontutik, hogeita hamar bat Eusko-aldagunetan (salbu Urruñako Xaian).
- Partikularrek ezin dute beren eusko-kontuan billeterik ezarri; profesionalek, aldiz, bai: horiek aldagune guzietan egiten ahal dute.
- Sistema osoa segurua da: zure Interneteko eusko-kontuan sartzeko, zuhaurek hautatuko duzun kode sekretu bat ukanen duzu. Euskokartarekin ordaintzeko (hautuzko pagatze karta eskatu behar dena harpidetza hartzen duzularik) eta euskopay aplikaziora konektatzeko, 4 zifreko PIN kode bat hautatu behar duzu.
- Hiru aldiz huts egiten baldin baduzu PIN kodea sartuz, zure aplikaziorako sarbidea eta zure euskokarta blokatuak izanen dira: Euskal Monetarekin harremanetan jarri desblokatzeko!
Eusko-kontu bat irekitzean, hilabeteroko truke automatikoa plantan ezartzen duzu; horrek nahi duzun diru kopurua sartuko du zure kontuan, hilabete guziz, 12an. Ez baldin bada aski, zure eusko-kontuan edonoiz kargatzen ahal duzu zure banku kartaren bidez.
Eusko kontu kargatze hori sarean egiten da, kostu gehigarririk gabe, helloasso.eusko.org helbidera joanez edo zure eusko kontutik, ordenagailu edo telefonotik.
Nola ibiltzen da ?
- Horri hunen gainean eskuin den “Kontuan sartu” gainean klikatu
- Zure erabiltzaile izen-zenbakiak sartu (zure kide zenbakia jaso duzun mezu elektronikoan atzemanen duzu kontua ideki duzularik eta zure pasahitza ahantzi baduzu, klik egin “Nire pasa hitza ahantzi dut“ atalean)
- Zure kontuan sartu eta, egin klik azpiko “Trukea” botoian, gero, “Créditer mon compte” botoian, eta jarraibideak segitu. HelloAssoren web orrira bidaliko zaitu, inforri bat bete eta zure banku kartako zenbakiak sartuko dituzu, segurtasun osoan. Kasu: HelloAssori ekarpen baten egitea proposatua zaizu, egiten duen zerbitzuarentzat, baina ez da beharrezkoa : « Modifier » gainean klikatzen ahal duzu eta « Je ne souhaite pas soutenir HelloAsso » botoia markatu.
- Hello Assoren bidezko ordainketa egin ondoren, zure kontua segundo bakar batzuen buruan kargatua izanen da.
Eta bistan dena, hilabetero automatikoki aldatzen duzuna ez baldin bazaizu aski, hoberena zenbatekoaren handitzea da, zure eusko kontuan sartuz, gero “Ene profila” orrialdera, eta azkenik “Truke automatikoa” orrialdera.
Zure eusko-kontutik beste pertsona baten, elkarte baten edo enpresa baten eusko-kontura biramendu bat egiteko, hola egin behar duzu:
- Zure solaskideari bere eusko-kontuko zenbakia galdegin iezaiozu (9 zifrakoa). Eusko kontuaren lehen orrialdean idatzia da : “kontu zenbakia” izunburuarekin. (Zehaztasuna : zure kontu zenbakia ez da zure kide zenbakia). Euskokartan ere eskugarri da, bat baldin badu, kide zenbakiaren eskuinean idatzia da.
- Zure eusko-kontuan, zoaz «Ene biramenduak» orrialdera, eta gero klik egin «Hartzaileen kudeatzea» idazkian.
- «Hartzaile berria» idazkian klika ezazu, eta zure solaskidearen kontu-zenbakia sar. Haren izena agertuko da, behar den zenbakia sartu duzula segur izateko.
- Itzul zaitez «Ene biramenduak» orrialdera; orain, «Biramendu puntuala» orrialdean klik egin eta formulario laburra bete ezazu. Ontzat eman ondotik, biramendua berehala eginen da: euskoak zure kontutik aterako dira, zuzenean, eta zure solaskidearen kontuan sartuko dira.
18 urte baino gutiago eta 16 urte bete dituzten pertsonek eusko-kontu bat irekitzen ahal dute, besteek bezalako baldintza beretan, baina buraso-agintea daukan pertsonetarik baten baimen idatzia ukanez geroz.
Baimen hori postaz igorri behar zaio Euskal Monetari, buraso-agintea daukan pertsonaren nortasun-agiriaren kopiarekin eta kontu bat postaz irekitzeko usaian behar diren osagai guziekin, hemen zehaztu egin-moldeari jarraikiz.