Herriak bere hartzedun guziei proposatzen ahal die hartzeko duten parte bat edo guzia euskoz errezibitzea. Hola, diru laguntza baten karietara eman dirua, adibidez, herriko lurraldean edo hurbil egonen da, euskoak onartzen dituzten hurbileko saltegietan eta enpresetan baizik ez baitira erabiltzen ahal (eta ez erosketak interneten bidez edo saltegi handietan egiteko). Elkarteak bere euskoak eurotan trukatzen ahal ditu, baina % 5 galtzen du, eta beraz, gehienetan, ez du egiten.
Herriko edo elkargoko hautetsi batek bere ordainsariaren parte bat euskotan errezibitzea eskatzen duelarik, lurraldearen zerbitzuko den dinamika batean parte hartzen du.
Enpresa edo elkarte baten aldetik, faktura baten edo diru laguntza baten parte bat euskoz onartzea Herriko Etxeak bere diru publikoa lurraldean gehiago erabiltzeko duen gogoari erantzutea da.
Euskoz ordaintzeko moldeak plantan ezartzeko, Herriko Etxeek beren hartzedunei proposatzen diete Euskal Monetaren alderako kobrantza-mandatu sinple bat izenpetzea. Orduan, Diruzaintza Publikoak ez dio hartzekoa zuzenean hartzedunari ematen, Euskal Monetari baizik, eta Euskal Monetak zenbateko bera ezarriko du hartzedunaren eusko-kontuan. Gau egun Estatuak ontzat eman egin-moldea da, eta Euskal Elkargoak, Baionako eta Hiriburuko Hiriek, adibidez, gaurdanik erabiltzen dute.
Ohar bat: Diruzaintza Publikoak Euskal Monetari eman euroak, aldiz, Euskal Monetak erreserban ematen ditu, bere berme-funtsean ezarriz.