Euskoa, Euskal Herrian baizik ez ibiliz eta bere sareko profesionalei desafioak proposatuz, ondokoak sustatzen ditu:
- ekonomia berriz hona ekartzea
- hurbileko merkataritzaren defendatzea
- hurbileko enpleguaren eta lotura sozialaren sendotzea
- ingurumenaren zaintzea
- euskararen sustengatzea
Euskoa Euskal Herriko ekonomiaren sustatzen duen tresna da, hemengo erosahalmenaren parte bat bideratzen baitu hurbileko saltegi eta zerbitzuetara, hemengo ekoizleen eta elkarteen aldera. Alabaina, euskoa ez daiteke erabil onetsi saltegi, enpresa eta elkarte batzuetan baizik, eta horiek, onartuak izateko, beren egoitza soziala Euskal Herrian ukan behar dute.
Gainera, euskoak eskuratzen dituzten saltegi, enpresa eta elkarte horiek, beren euskoak eurotan trukatu ahal izateko, % 5eko komisio bat ordaindu behar dute. Beraz, Eusko-sareko 1400 profesionalen % 56k hemengo hornitzaile bat (gutienez) hartu dute, beren euskoak gasturik gabe erabili ahal izateko. Hots, Euskoak Euskal Herriko enpresen artean gutienez 500 harreman komertzial berriren sortzea ahalbidetu du.
Euskoa hezkuntza herrikoiaren aldeko tresna ere da, ekonomia ekologikoago eta solidarioago baten alde, bai eta hemengo elkarte-biziaren sustengatzeko tresna ere: kide bakoitzak, kidetzean, elkarte bat hautatzen du. Hautatu elkarteak, urte oroz, kide horrek euskotan trukatuko dituen euro kantitatearen % 3ko emaitza errezibituko du. 2023an, gisa hortan, 69 672 euroren heineko emaitzak (euskoz) banatu zaizkie 44 elkarteri.
Gainera, Euskoari esker, aldatu euro bakoitzak balio bikoitza du:
- Euskal Monetak kideari eman euskoa hemengo saltegi, enpresa eta elkarteetako sarean erabilia izanen da. Horrela, Euskal Herriko ekonomia eta enplegua sustatzen duen negozio zenbateko bat sortuko da.
- Euskal Monetak eusko horren truke eskuratu euroa erreserba funts batean ezartzen du; funts hau La Nef edo Crédit coopératif erakundeetako kontu batean dago, egiazko ekonomian inbestitua izateko.
Euskoa praktiken aldatzeko tresna ere da, ekonomia solidarioaren, garapen iraunkorraren eta euskararen sustapenaren alde. Izan ere, sareko saltegiek, enpresek eta elkarteek desafio sinple batzuen altxatzera engaiatu behar dute, beren erosketak gehiago hemen egiteko, ingurumenaren alde aritzeko, eta euskararen erabilera publikoaren sustatzeko, beren seinaletika euskarara itzuliz (Euskoak zerbitzu hori urririk proposatzen du, EEPrekin duen hitzarmen bati esker), edo beren bezeroei gutieneko euskarazko harrera eskainiz.